Belgrad-eko Manifestua, zinema askearen aldeko saioa
Iragan abenduan zinema zaharkituaren aurkako altxamendu berria bizi izan zen Belgrado Festival of Auteur Film zinemaldian. Iraultza baino, erreforma du xede. Zinema krisi larrian dela esaten dute sinatzaileek; zinema lengoaiaren garapena eten eta berritasuna galdu dela, eta ondorioz, film onak desagertuz doazela. Baina, danimarkarrek ez bezala, egile zinema aldarrikatu dute.
Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea
Lars Von Trier eta Thomas Vinterberg danimarkarrek zinema burgestuaren urmael epelaren urak harrotu zituzten 90eko hamarkadan Dogme95 manifestuarekin. Bertan, Nouvelle Vague apurtzailearen porrota salatzeaz gainera, iraultza iragarri zuten. Egile zinemaren heriotza. Ekaitz teknologikoak zinemaren erabateko demokratizazioa ekarriko zuela uste zuten. Bitartekoak eskuragarriagoak egin ahala, garrantzitsuagoa bilakatuko zela abangoardia. Testuinguru horretan, egileak ez zuela garrantzirik izango pentsatzen zuten; zinema indibidualista dekadentea izango zelako definizioz. Sasoi oparoa izan zen, zinez. «Festen» (1998), «Idioterne» (1998) eta «Mifune» (1999) perlatxoak dira lekuko. Baina, azkenean, iraultzaileek beraiek lurperatu zuten iraultza. Marketin operazio trebea baino ez zen izan. Bihurrikeria irudimentsua besterik ez.
Iragan abenduan zinema zaharkituaren aurkako altxamendu berria bizi izan zen Belgrado Festival of Auteur Film zinemaldian. Belgradeko Manifestuak, ostera, ez du hain oihartzun zabala izan. Nolanahi ere, Aki Kaurismaki-k, Aleksandr Sokurov-ek eta beste hainbat zinemagile entzutetsuk bat egin dute manifestuaren espirituarekin. Iraultza baino, erreforma du xede. Zinema krisi larrian dela esan dute sinatzaileek; zinema lengoaiaren garapena eten eta berritasuna galdu dela eta, ondorioz, film onak desagertuz doazela. Baina, danimarkarrek ez bezala, egile zinema aldarrikatu dute.
Hollywoodek, are eta film kaskarragoak ekoitzi arren, merkatu globalizatua arrakasta handiz ustiatzen asmatu eta merkatu alternatiboaren ekoizpen bideak urritu ditu azken urteotan. Hala eta guztiz ere, bada itxaropenik. Merkatuak azpiratutako nortasunik gabeko zinemaren aurrean, zinema digitalaren aukera proposatu dute-eta manifestuaren egileek irtenbide gisa. Jarrerak oso kontrajarriak diren arren, funtsean, Dogma 95 eta Belgradeko Manifestuaren bultzatzaileek errezeta bera proposatu dute zinema burgestuari aurre egiteko: mirari digitala. Digitalizazioak ekoizpen kostuak asko merkatu baditu ere, filmak banatzeko eta erakusteko tenorean gauzak ez dira horren miragarriak. Eta, hortxe dago gakoa, hain justu. Ikusleengana iristeko zubiak eraikitzean. Filmen sustapena, banaketa eta emanaldia bermatzeko bide egokirik aurkitu ezean, ezarritako zinema sistemaren alternatiba sortzea ezinezkoa izango baita.