GARA > Idatzia > Mundua

Sri Lankak ateak itxi dizkie giza eskubideen nazioarteko begiraleei

Nazion Batuen Giza Eskubideen Kontseilutik at geratu izana aitzakiatzat erabili du Sri Lankako Gobernuak nazioarteko begiralerik ez duela onartuko berresteko. Tamilen aurka gerra hautua egin du Colomboko Gobernuak. Gerra zikina da bere fronteetariko bat. Eta ez da makala.

GARA |

Tamil herriarekin borroka latza duen Sri Lankako Gobernuak berretsi du ez diela giza eskubideak ikuskatzen dituzten nazioarteko begiraleei irlan sartzen utziko. Aitzakia, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseilutik kanpo geratu izana.

Ez da Sri Lanka batzorde horretatik kanpo geratu den estatu bakarra. Giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat erakundek, Freedom House, UN Watch eta Human Rights Watch tartean, adierazi dute Sri Lanka ez dela gai horrelako erakundean ordezkaritza izateko.

Colomboko Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak eskubideen aldeko mugimenduen konspirazioa salatu du. «Gure jarrera zein den beste behin esango dut: ez dugu nazioarteko begiraleen beharrik. Badugu behar adina lege eta prozedura», azaldu du Rohitha Bogollamak.

Human Rights Watcheko arduradun Steve Crawshawek ontzat jo du Sri Lankari ez uztea Giza Eskubideen Batzordean sartzen. «Sri Lankaren porrotak berebiziko garrantzia du. Herritarrak torturatu eta desagerrarazten duen herrialdeak ezin du giza eskubideen babeserako mundu osoan den erakunderik garrantzitsuenean tokirik izan».

Sri Lankako Gobernuak gonbidatuta, giza eskubideen bortxaketak aztertzeko bertara joan zen nazioarteko begirale talde batek joan den martxoan bere lana amaitutzat jo zuen, Colomboko Gobernuak nazioartean adostuta dauden irizpideak betetzen ez zituela salatuz.

Pertsona ospetsuez osatu zen Nazioarteko Talde Independentea (IIGEP, frantsesez) Mahinda Rajapakse Sri Lankako presidenteak berak eratu zuen. Talde horren eginkizunen artean, 2006. urteko abuztuan gertatu zen Action Contre la Faim (ACF) GKE-ko 17 langileren hilketaren nondik norakoak aztertzea zegoen.

Bitartean, Human Rights Watch erakundeak gogor salatu zuen Colomboko Exekutiboaren jarrera. Erakundearen esanetan, «bahiketei eta azalpenik gabeko desagerketei dagokienez, Sri Lanka munduko estaturik maltzurrenetarikoa da».

19 hautagai

Pakistanen, Gabonen eta Zambiaren aurka ere egin zuten giza eskubideen erakundeek baina ez zuten lortu horiek batzordean sartzea eragoztea.

Izan ere, 19 estatuk besterik ez ziren hautagai aurkeztu. Mendebaldeko Europari zegozkion bi eserlekuak Britainia Handiak eta Estatu frantsesak hartu dituzte. Estatu espainiarrak, ordea, ez du sartzerik izan.

Kontseilua 2006an eratu zen eta Giza Eskubideen Batzordearen lekukoa hartu zuen. AEBek ez zuten aldaketa hori onartu.

Estatu espainiarra

Mendebaldeko Europari bi eserleku dagozkion. Britainia Handiak eta Estatu frantsesak lortu dituzte. Estatu espainiarra kanpo geratu da, behar beste boto eskuratu ez dituelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo