GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Errekor saiakera

Sardonek bere marka ontzeko ahalegina egingo du

Urnietako kirolariak bi aldiz jasota dauka 125 kiloko zilindro zaharra bost minutako txanda bakar batean, eta orain, hori gainditu nahi du

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Marijose Sardonek marka berri bat ezarri nahi du, eta orain arte emakume batek inoiz plazan egin ez duena egin nahi du. Urnietarrak bere marka pertsonala ondu nahi du 125eko zilindro zaharrarekin. Bi jasoaldi eginak ditu bost minututako txanda batean, eta orain hori gainditu nahi du.

Sardonek apirilaren 17an egin zuen errekor berria Euskal Telebistako saio batean. Bera ez zen gustura atera, eta egindako jasoaldiaren inguruan ere esames ugari zabaldu zen. Askoren ustez, ustela izan omen zen jasoaldietako bat behintzat, eta beste batzuen ustez, biak; nola ez, epaileen erabakia ona zela esaten zuenik ere bazen.

Sardonek marka honen zergatiak adierazi zizkion GARAri: «Egia esan, hasteko neuregatik egin nahi dut. Ez nintzan gustura geratu, ez nuen lan ona egin, eta hor geratu zitzaidan arantza hori atera nahi dut», dio.

Sortutako esames horiek zerikusirik ote duten galdetu, eta hauxe erantzun zuen: «Egia esan, bizitzan honelako gauzak askotan entzun behar izaten dira. Niri ez zidaten aparteko minik eman, baina nire ingurukoei bai. Gero, herrian sekulako babesa jaso dut, denak izan ditut alboan, eta igandeko ahalegina beraiei eskertzeko modu bat ere izatea nahi nuke».

Sardonek egin dituen marka saiakeretan, lan oso onak egin izan ditu, eta berak onartzen du, azkeneko hori izan zela berak egin duen txarrena: «Bai, baina ez telebistan nintzelako. Aurretik lesio txiki bat izan nuen, eta nik sekulako garrantzia ematen diot azkeneko entrenamenduari. Han ez nintzen batere ongi aritu, eta buruan hura nuela joan nintzen. Etxean hiru jasoaldi ematen nizkion harriari, eta azkeneko entrenamenduan, bat bera ere ez. Egun txarra izan nuen. Uste dut plaza batean izan balitz, gauza bera gertatuko zela. Gainerakoan, telebistan izandako tratuarekin, oso gustura geratu nintzen», onartu du urnietarrak.

Etzi 18.00etatik aurrera egingo duen saiakera ez da izango oraingoz azkena, hemendik hilabetera, ekainaren 24an, Andoainen 130 kilokoa jasotzeko asmoa baitauka: «Egia esan, Andoain nire bigarren herria da. Han ere asko estimatzen nautela ikusten dut, eta aukera hau etorri zitzaidanean ez nuen pentsatu, gero udan beste gauzak egin beharko baititut», esan zuen urnietarrak.

Lekua

Marijok bere herritarrei eskertu nahi die jaso duen babesa, eta etzi, 18.00etatik aurrera izango den jaialdian, Urnietako pilotalekuan izango da. Asmoa, harriari hiru jasoaldi egitea izango da.

Hurrengoa

Sardonek ez dauka atseden hartzeko tarte handirik, eta igandekoa pasatzen denean ere, badauka hurrengo erronkarako hitzordua. Ekainaren 24an, Andoainen, 130ekoa jasotzen saiatuko da.

Ekinaldian, beste kirolak ere izango dira ikusgai

Etzi arratsaldean Urnietako pilotalekura biltzen diren zaleek ez dute harri-jasotzea bakarrik izango ikusgai. Ikuskizuna 18.00etan hasiko da, baina Sardon, seguruenik ere, aurreraxeago ariko da. Izan ere, Marijoz gain, beste bi talde ere izango baitira, eta hauek hainbat herri kirol egingo dituzte. Azkeneko aldiz Sardonek saiakera Urnietako pilotalekuan egin zuenean, jendea kanpoan ere geratu zen sartu ezinik, eta etziko saioa ongi eta lasai ikusi nahi duenari goiz joatea komeni zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo