Berezkoak
Sasoi oso onean dauden lau pilotariren arteko finala izango da Angelun
J.L. | DONOSTIA
Larretxea-Etxeto eta Etxeberri-Kurutxari lehiatuko dira gaur, 20.00etatik aurrera Angelun, bertako torneoko finalean. Neurketa oso erakargarria da, eta garbi dago, Haitz Pean trinketeko harmailak leporaino beteko direla.
Faboritoak Larretxea eta Etxeto izango dira. Oso erraz irabazi zuten finalerdia Ibarrolaren eta Idiarten aurka. Bi horiek elkarrekin bikote oso sendoa osatzen dute. Larretxeak binaka asko jokatzen du. Sakearekin min egiten du, eta aurrean aukera duenean, berriz, ez du barkatzen. Atzean, Etxeto dauka, egungo atzelaririk onenetakoa. Bera, gainera, oso bolada onean dago, eta bera atzean menderatzea ez da lan erraza izaten.
Biko honek, badu, ordea, gabezia bat ere, buruz, biak nahiko ahulak dira. Gibeletik jartzen baldin badira, azkar etsitzen duten horietako pilotariak baitira.
Aurrean, aldiz, oso indartsu datorren bikoa izango dute. Etxeberrik eta Kurutxarik, aurkariak baino partida bat gehiago jokatuta helduko dira partida honetara. Final-laurdenetan Sorhuet eta Ozafrain menderatu zituzten partida handi bat eginda. Finalerdietan ere oso itxura ona eman zuten Waltariren eta Harizmendiren aurka.
Orain arte emandako itxura baieztatzea geratzen zaie orain finalean. Angeluko trinketea bezalako azkarrak oso ongi datozkie biei, eta min handia egin dezakete, bi pilotariak sasoi betean baitaude une honetan.