GARA > Idatzia > Herri-kirolak

XIBA Arabako topaketa

Aiaratarrek jarri zuten giroa bai arratsaldean, bai gauean

Amurrioko taldeak irabazi zuen Arabako topaketa eta finalerako txartela eskuratu dute Tutxurri, Zizkiñolariak eta Basurde Gorriak taldeekin batera. Kirol festa Landatxo kiroldegira eraman zuten.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Zortzi taldek hartu zuten parte aurreko asteburuan Gasteizen jokatu zuten Xibaren Arabako topaketan. Eguraldiak ez zuen askorik lagundu eta azkenean lehiaketa Landatxo kiroldegian egin behar izan zuten. Ikuskizuna aipagarria izan zen eta finalerako lau talde sailkatu ziren: Aiaratarrak (Amurrio), Tutxurri (Gasteiz), Zizkiñolariak (Zigoitia) eta Basurde Gorriak (Ozaeta). Aurreko urteetan bezala, Arabak oso goian utzi zuen bertako topaketaren maila.

Lehiaketa larunbateko 16.30 aldera hasi zen eta neska-mutilek bederatzi proba ezberdinetan parte hartu zuten: altxa, dantza, auzolana, toka, trontza, musa, xiba, egurpila eta sokatira. Hasiera-hasieratik nabaritu zen Aiarako gazteak indartsu zeudela eta lehenengo probetatik hartu zuten aurrea markagailuan. Guztira, bederatzi probetatik lautan onenak izan ziren eta 122 puntu bildu zituzten.

Haien atzetik, Tutxurriko gasteiztarrak sailkatu ziren, hauek ere maila ederrean. Topaketaren bigarren erdian maila pixka bat jaitsi zuten, eta azkenean bigarren amaitu sailkapenean, 110 punturekin. Lehia politena, hala ere, hirugarren eta laugarren posturako borroka horretan ikusi genuen. Izan ere, bost taldek hamar punturen barruan amaitu zuten: Zizkiñolariak (99), Basurde Gorriak (97), Eskua (94), Aramaixo (93) eta Mezkia (91). Txartela lehen biek eskuratu zuten, baina aipagarria da kanpoan geratu zirenek emandako maila. Gerriko Taberna taldeak itxi zuen sailkapena.

Kirol jaia 19.15 aldera amaitu zen eta, izerdia bota ostean, festarako garaia iritsi zen. Topaketari agurra bertsolariek eman zioten eta, kirolariek bakarrik ez, Landatxora bertaratu ziren ikusleek ere merezi dute txalo bero bat. Antolatzaileek eskertuz argitu zuten, ez zirela harmailetan eserita gelditzera mugatu eta kirolariei berta-bertatik animoak ematen jardun zirela.

Parte-hartzaile guztiek Koldo Mitxelena ikastetxean afari mardula izan zuten: patatak errioxar erara, oilaskoa, euskal pastela, ardoa, kafea eta patxarana. Eta eguneko unerik onena afalondoan iritsi zen. Aiaratarrak taldearen eskutik triki-festa oso polita antolatu zuten eta gainerako neska-mutil guztiek ez zuten bi aldiz pentsatu dantzara irteteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo