Gasteizko espioitza kasua Estatu espainolak Euskal Herrian duen estrategiaren erakusgarri da
Gaur GARAk argitaratzen duen Gasteizko espioitza kasuak argi erakusten du Estatu espainolak Euskal Herrian duen jokabidearen norabidea. Jakina, honako hau ez da gure lurraldean honelako kasuak ematen diren lehendabiziko aldia, ezta gutxiago ere. Urrutiago joan gabe, Herri Batasunak Gasteizen bertan zuen egoitzan aurkituriko entzute-sistema gogora ekar daiteke. Denboran are gertuago daude iragan negoziazio prozesuan ezker abertzalearen ordezkaritzaren kotxe eta etxeetan aurkitutako espioitzarako gailuak.
Gasteizko herritarrek atzemandako materialak erakusten duenez, urteek aurrera egin ahala sistema horien sofistikazioa handitzen doa. Baina, urteak joan, urteak etorri, sistema hauen eta teknologia horien atzean dagoen «gogoeta» berbera da: gatazka politikoa ikuspuntu militar huts batetik konpon daitekeela. Historiak, ordea, kontrakoa erakusten du.
Ikuspegi zabalago batetik, askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka beti da eztabaidagai. Nolanahi ere, Gasteizkoaren moduko sistemak segurtasunaren aitzakiarekin justifikatzen dituztenek Euskal Herrian Polizia segurtasun ezaren iturri dela ezkutatu nahi dute.