Xabier Izaga Irakaslea
Azkenik, proposamen originala
Azkenik. Hainbesteko zalapartarik gabe, PSEko idazkari Patxi Lópezek «elkarrizketarako eta bizikidetzarako proposamena» aurkeztu zuen atzo. Eta ez pentsa inondik inora bere alderdiko kideekin bildu zenean bururatu zitzaion zirtzilkeria denik, berehala sumatzen baita denbora luzean landu eta hausnartutako proposamena dela.
Lópezen proposamenak alderdien arteko akordio zabala biltzen du (nolatan ez zaio inori halakorik bururatu orain artean?). Zer esanik ez, alderdi demokratikoen arteko akordioa izan behar du, baina Lópezen ustez, demokratikoak diren alderdiak lagun askok ez dituenez halakotzat jotzen, ausardia handiegia ez balitz, «legezko alderdiak» esatea proposatuko nioke nik, proposamenak egiten hasita. Hartara, denok ados eta inor mindu gabe (legezkoa den inor ez, jakina). Akordioaren oinarria, berriz, Espainiako Konstituzioa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutua izan behar du (zeharo originala hori ere).
Delako akordioak honako oinarrizko printzipioetatik abiatu behar du: indarkeria arbuiatzetik, biktimei sostengua ematetik eta Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan ezarritako joko arauak errespetatzetik (hau bai ideia berria; orain dela 30 urte aurkeztu izan balute, komeria ugari aurreztuko genukeen). Hortik kanpoko zernahik, Ibarretxeren bide orria barne, gizartearen zatiketa baino ez omen luke ekarriko.
Indarkeria arbuiatu eta aldi berean eragin?, esango du bakarren batek. Izan ere, Amnistiaren aldeko mugimenduaren kontrako epaiketako herenegungo saioan deklaratzera joan ziren lekukoentzat ez dirudi nahikoa denik indarkeria arbuiatzea. Are gutxiago eurek jasandako indarkeria arbuiatzaileengandik etorrita. Nolanahi ere, horiek kontatutakoak ez dira Lópezentzat arazo, auzi-gelako presidenteari nahi gabe esan bezala, filma besterik ez baitira.
Biktimak sostengatzeaz den bezainbatean, biktima izaera alderdien demokratikotasuna erabakitzeko irizpide berberak erabilita, lortuta dago akordioa. Igandean Lakuako Gobernuak Kursaalen egin zuen omenaldia da horren erakusgarri.