Xabier Silveira Bertsolaria
Zenbat aldiz?
Beste hainbeste aldiz galdetu beharko genieke: Zenbat aldiz erran behar zaizue «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak»?
Zenbat aldiz ez ote dugu entzun espainiar hitzontzien ahotik beraien garaipen goiztiarren ospatzea, beraien goi mailako prestakuntza eta kalitate gaindiezinen behin eta berriroko laudorio amaigabeen zerrenda? Zenbat aldiz ikusi behar izan dugu tokian tokiko eta unean uneko arduradun espainiarra aurkaria gutxiesten, iraintzen, lurraren pare uzten saiatzen? Zenbat aldiz irabazi duen «Españak» dena! Zenbat aldiz irabazi duen «Españak» beti!
Zenbat aldiz irabazi ote du dagoeneko «Españak» Munduko Futbol Txapelketa, zenbat aldiz orain ere hasi aurretik irabazi duen Eurokopa? Zenbat aldiz irabazi ote du txirrindulari espainiar batek etapa bat helmugara iritsi baino berrogei kilometro lehenago, zenbat aldiz ez ote du espainiar batek domina olinpikoa jantzi Joko Olinpikoak baino sei hilabete lehenago? Zenbat aldiz irabazi duen «Españak» abestiaren lehiaketa gorena den Eurovision, aurten bezala, goi mailako abestiak aurkeztuz. Zenbat aldiz ez ote da «España» munduko potentzietako bat izan espainiar hitzontzien ahotan!
Zenbat aldiz ez ote da gertatu aste honetan berriz gertatu dela erran diguten gertakari itzela, gorena? Zenbat aldiz egin dute jada? Zenbat aldiz moztu diote burua sugeari eta zenbat aldiz jarraitu du aizkorak zorrotz-zorrotz?
Zenbat aldiz? Zenbat aldiz esan behar ote du «Españak» gezurra egia bihurtu dadin?
Zenbat aldiz ez ote du «Españak» orain egin nahi duena egin, zenbat aldiz ez ote du atxiloketa bat puztu eta erabat mediatizatu, ondoren errepresio uholde beldurgarri bati hasiera emateko? Zenbat aldiz ez ote du «Españak» bukaera hurbil dagoela erran, bukaera datorrelako aitzakiaz nahi duen adinako basakeriak egiten ibiltzeko?
Zenbat aldiz gertatu behar zaigu gauza bera behin betiko egoera aldatuko duen atzera bueltarik gabeko prozesu baten alde indarrak metatzen hasteko? Zenbat aldiz atxilotu, torturatu eta kartzelatu behar dituzte euskal herritarrak batzuen atzetik hurrengo belaunaldiak tinko iritsiko direla berretsi dezan munduak?
Zenbat aldiz sinetsaraziko digute euskal erakunde armatu iraultzailea desegiteko gai direla bake prozesu bat martxan jarri behar izan gabe? Zenbat aldiz irainduko dute gure inteligentzia Rubalcaba terroristak gidatzen duen GALeko Ministeriotik? Zenbat aldiz?
Bada, beste hainbeste aldiz galdetu beharko genieke: Zenbat aldiz erran behar zaizue «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak»? Zenbat aldiz egin nahi duzue negar handiustearen irribarretan ezkutaturik? Zenbat aldiz engainatuko duzue zuen menpeko jendarte faxistizatua gure aurkako burugogortasun hori beratu bitartean? Zenbat aldiz sufritzeko prest zaudete guri sufriarazten diguzuena?
Zenbat aldiz erran behar zaizue behingoz uler dezazuen? Bada, beraiek lauek garrasika erran zizueten: Irabaziko dugu! Gora Euskal Herria askatuta! Zenbat aldiz nahi duzue esatea, faxistak?