GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oiartzungo Txarako parkean lege-hausteak izan direla salatu dute

Oiartzungo udal gobernuak Txara parkearen proiektuan izandako lege-hausteak salatu ditu. Jakinarazi duenez, aurreko alkateak, Martin Beramendik (EA), kargua uztear zela proiektuaren aldatzea eskatu zuen. Hala, eraikuntza enpresak aurrekontuan zehaztutakoa baino milioi bat euro gehiago eskatu zuen. Erantzukizunak argitzeko borondate irmoa erakutsi du eta bide horretan beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dituela nabarmendu du.

p022_f01_111x111.jpg

GARA |

Oiartzungo Udalak agerraldia egin zuen atzo Txara parkearen eraikuntzan izandako lege-hausteen berri emateko. Bertan izan ziren, Pavel Viñas Plangintzako zinegotzia, Aitor Etxeberria alkatea eta Arantza Arrese alkateordea.

Gogora ekarri zuten aipaturiko parkearen eraikuntza lanak aurreko legealdian enpresa bati esleitu zitzaizkiola 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin. Baina iaz kargua hartu eta hilabete eskasera, eraikuntza lanen zuzendaritzak proiektu aldaketa aurkeztu zien 2,2 euroko aurre- kontuarekin. Ohartarazi zutenez, aldaketa hau aurreko alkateak, egun Aldundiko Ogasun saileko Finantza eta Aurrekontu zuzendari nagusi Martin Beramendik (EA), agindu zion aipatu enpresari joan den urteko ekainaren 13an, «hau da, guk kargua hartu baino bizpahiru egun lehenago». Ordurako gainera, zehaztu zutenez, Txarako lorategien inaugurazioa egina zuten, «maiatzean hain zuzen, Udal hauteskundeen atarian».

«Irregulartasun hauek ikusirik, gobernu taldeak hasierako esleipena onartzea erabaki genuen, hau da, 1.200.000 euro, eta ez aldatutako proiektuak aurreikusten zuena, ez baitzegoen aurreikusita horretarako diru partidarik», azaldu zuten. Hala eta guztiz ere, egoera aztertu eta negoziatu ostean, «ikusirik obra egina dagoela, eraikuntza enpresarekin adostasun batera iritsi gara, eta enpresak erreklamatzen zituen 600.000 euro ordaindu ordez, obra 368.000 eurotan ordaindu eta likidatuko dugu».

Beren esanetan, lege-hauste administratibo larri ugari egin dira, besteren artean, «esleipenak gainditutako obrak diru asignaziorik gabe egitea, edota enpresak, obra inolako esleipenik gabe burutzea». Halaber, aldatutako proiektuaren idazketa lanak, zuzendaritzak esleitu gabe egin dituela ohartarazi zuten, «eta faktura 25.000 eurokoa denez, gainera ezin da kontratu txiki bezala zuzenean esleitu, gutxienez hiru proposamen eskatu behar dira».

«Erantzukizunak argitzen»

Eragozpen honek trabak sortu ditu, udal gobernuak dioenez; izan ere, Txarako parkearen obrak bukatuta dauden arren, «etenda egon dira parkeko lorategien mantentze-lanak». Halere, «Udalari proposatzen dioten mantentze-lan motaren kostua gehiegizkoa dela iruditzen zaigu: lau urtetan 145.000 euroko gastua». Egoera ikusita merkeagoa izan daitekeen beste proposamen bat lantzea eskatu dute, eta hori onartuz gero «40.000 euro ordainduko ditu lorategiaren mantentze-lanetarako».

Oiartzungo Udaleko ordezkariek gertaeren larritasuna nabarmendu eta lege-hauste horien erantzukizuna argitzeko borondate irmoa agertu zuten. «Lan horretan beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen dugu», adierazi zuten.

milioi bat gehiago

Hasiera batean 1,2 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak, baina 2,2 milioi euroko aurrekontua behar zuen aldaketa bat aurkeztu zuen enpresak iaz.

Bizpahiru egun

Aurreko legealdian apartheid politikoa medio EAk eskuratu zuen alkatetza. Kargua utzi baino bizpahiru egun lehenago eskatu zion alkateak, Martin Beramendik, proiektu aldaketa egiteko enpresari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo