Behatokia: «Nazio Batuek argi utzi dute beharrezkoa dela gure hizkuntzen ofizialtasuna aitortzea»
GARA |
Iragan astelehenean, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak beste behin ere gomendioak egin zizkion Frantziako Estatuari, aipatu eskubideen Ituna bete dezan.
Horren harira, Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok atzo Baionan jendaurrean egindako agerraldian hauxe adierazi zuen: «Beste behin agerian geratu da Frantziako Estatuak ez dituela Nazio Batuetan onartutako gutxienekoak errespetatzen». Izan ere, Frantziako Estatuari Nazio Batuetako batzorde horrek 2001ean egin zizkion gomendioak, eta, batzordearen 40. batzarrean, berriz egin behar izan dizkiote.
«Nazio Batuetatik aski garbi utzi dute ezinbestekoa dela gure hizkuntzen ofizialtasuna aitortzea», gaineratu zuen, alde horretatik, Bilbaok. Azaldu zuen Behatokiak zuzenean jarraitu duela azken prozesua, eta, besteren artean, 2007an txostena aurkeztu zuela eta iragan apirilean batzordean bertan izan zela Genevan, Frantziako Estatuaren benetako jarrera batzordekideei azaltzeko.
«Kasu handiago»
Ildo honetan, Bilbaok adierazi zuen Gobernu frantsesari baino, batzordekideek «kasu handiago» egin dietela gizarte eragileek helarazitako datuei eta informazioari.
Gutxiengoen ofizialtasuna aitortzen ez dela-eta, Batzordeak kezka agertu duela ere azaldu zuen, gaineratuz, ohartu dela agintari frantsesek izaten ari diren jarrera ukatzaileaz.
Hartara, Nazio Batuetako batzorde honek gomendioa egin die, Frantziako Konstituzioan gutxiengoen gainean azaltzen den jarrera berrikus dezaten, eta ofizialki onar dezaten gutxiengoen taldeak edota kultura-aniztasuna bermatzeko beharra.