GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herri osora zabaldu nahi dute «Geurea ikurrina!» babes adierazpena

Euskal lurralde guztietako hiriburuetan atzerriko banderak paratu dituzte, eta horren aitzinean Bai Euskal Herriari herri ekimenak ezinbesteko jotzen du indarrak bildu, kalera atera eta erantzutea. «Geurea ikurrina!» babes adierazpena zabaltzen hasi dira.

p020_f01_148x108.jpg

Maider IANTZI |

«Ikurrinak Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen duen bitartean, bandera espainolak inposaketa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa barnebiltzen ditu», dio «Geurea ikurrina!» izeneko babes eta atxikimendu adierazpenak. «Hego Euskal Herrian, gatazka eta talka sortzaile den ikurra da bandera espainola. Horregatik, gure ustez, euskal instituzioetan ikurrinak egon behar du beste euskal ikurrekin batera eta ez da inposaturiko atzerriko banderarik egon behar», jarraitzen du. Bai Euskal Herriari ekimenak herrialde osora zabaldu nahi du dokumentua eta helbide bat sortu du sinatu nahi duten eragile, talde edo gizabanako orok mezua bidal dezan: geureaikurrina@baieuskalherriari.org.

Herriz herri ikurrinaren aldeko babesa bildu nahi dute, batetik «gureak ez diren banderak ez ditzaten euskal instituzioetan jarri, edota jarrita daudenak ken ditzaten» eta, bestetik, ikurrina egunerokoan jartzen ez duten instituzioek jar dezaten.

Apirilaren 4tik, auzitegi espainiar batek aginduta eta Iñaki Azkuna alkateak onartuta, bandera espainola Bilboko udaletxean jarrita dago. Joan den igandean, maiatzaren 19an, berriz, epaileen agindurik gabe, Donostiako udaletxean jarri zuten ikur hori. Hortaz, dagoeneko euskal lurralde guztietako hiriburuetan jarri dituzte atzerriko banderak. Herri gisa erantzun eta egoera hau iraultze aldera, Bai Euskal Herriari ekimeneko lagunak Donostialdeko eragileekin bilerak egiten hasi ziren atzo. Bilkuretan, beren balorazioa aurkeztu, eragile bakoitzak egoera nola ikusten duen jaso eta aurrera begira zein ekimen abiarazi adostu nahi dute. Heldu den astean proposamen zehatzez mintzatzeko asmoa dute.

«Geurea ikurrina!» babes adierazpenean jasota dagoen bezala, herri mugimendu honek «gure nortasuna eta izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko» deia egiten dio euskal gizarteari. Gainera, instituzioak gidatzen dituztenei Euskal Herriaren aurka Espainiatik datozen aginduak ez betetzeko eskatzen die eta alderdi politikoei, herritarren borondatea eta erabakiak defendatzeko.

Ekimen honetako kideen hitzetan, Euskal Herriaren izena eta izana elkartu behar dira etorkizunerako, eta bide horretan gure izaeraren isla diren nortasun ikurrak garrantzitsuak dira.

egoera ezberdinak

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «folklorearen baitan ito nahi dute ikurrina»; Nafarroa Garaian, legez debekatu dute; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «espainiar agintearen mendeko agertu nahi dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo