GARA > Idatzia > Hemeroteka

BERRIA | Fredi Paia 2008/5/23

Guztiak buruzagi

Arrantzale zaharrek diote behin estropada izan zela japoniarren eta espainiarren artean. Balea hiltzaileek egur itzela eman ei zieten txikilikuatreren aberkideei. Eta azken horiek zergatien bila hasi ziren, alemaniar batzuei ordainduta. (...) Japoniarrek sei arraunlari eta patroi bat zeramatzaten traineruan. Espainiarrek, ostera, patroi bat, patroi ordea, patroi ordearen idazkaria, koordinazio arduraduna, lemazaina, lemazainaren lehengusu zinegotzia eta arraunlari batez osatzen zuten taldea.

Min handia egin behar izan diote Rubalcaba jaunari bost egunetan buruturiko ekintza militar biek. Erantzun gisara antolatu duen Hollywoodeko superprodukzioa ikusita. Harritzekoa da espainiarrek ETAko zenbat buruzagi harrapatzen dituzten. Aukera bi daude: uste dute erakunde armatuak eta traineruak berdin antolatzen direla edo sardina saldu nahi digute bisiguaren prezioan.

Espainiar kate publikoak, erreportaje batean, 1992tik atxilotutako buruzagi goren ezin gorenagoko guztien zerrenda eskaintzen zuen. Lortu gura zuen efektuaren aurkakoa sortuta, ene ustez. Izan ere, atxiloketa gaitasun bera baino, berrosatzearen arintasuna geratzen zen begi-bistan.

Konponbide elkarrizketatuaren premia larriak etsigarri bihurtzen du errepresioaren ahalegin antzua. Euren superprodukzioen etengabeko errepikapenarekin disimulatzen saiatzen diren arren. Azkenean gauza bakarra sinetsaraziko digute; erakunde armatua guztiz asanblearioa dela. Hots, guztiak direla buruzagi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo