GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joxan Oiz eta Arantxa Urbe (*) Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko mobilizazioaren deitzaileak

«Estaçao Central do... Iruñea»

Maiatzaren 30ean, Iruñeko Autobus Geltokia zain dugu. Kolorez betea eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldarrikapenak barne hartzen dituen oihu guztiak bereganatzeko prest

Edo agian egokiago izanen litzateke «Pamplona's Central Station». Hartara, british eredukoek ez lukete ulermen-arazorik izanen. Ez ingelesez, ez espainolez. Zilegi bekigu aipu zinemazalea («Estaçao Central do Brasil». Walter Salles. 1998) baina «eskolak euskaldundu behar du», «hezkuntza sistema nazionala» eta «geltokia» kontzeptuak aipatu eta bat-batean halako ergelkeriak datozkigu burura. Izan ere, beste alderdiak alde batera utzita, filmak agerian uzten duen tragedia «alfabetatugabekoen morrontza» da. Egon ere, zenbat alfabetatu eta eskolatu gabe daude Iruñeko geltokian, Donostiakoan edota Donibane Garazikoan?

Gure ustez gehiegi. Eta hori da, besteak beste, Euskal Herriak Bere Eskola taldeak Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzean agertarazi nahi duen alderdietako bat: «Eskolak Euskaldundu Behar» duela, erdalduntzen dituen mailan. Ikas-irakaskuntza sistemak bere etapa eta dimentsio guztietan euskarazko gaitasun komunikatiboak bermatu eta garatu behar dituela ikasleengan.

Baina horretaz gain, HSNk Euskal Curriculumaren garapen osoa behar du. Brasileko eredua ez baitugu maite. Portuges kulturak -Portugalen, tira-, baina Amazonian kalte baizik ez du egin. Euskal Curriculuma Euskal Herri osorako eta Euskal Herritik pentsatua. Bide beretik, aplikazioan ausartak izan behar dugu eta Euskal Herri osoan Euskal Curriculuma aplikatu ahal izateko bide posibleen zertzeladak ematen hasi beharrean gaude. Ezin dugu zenbait lurralderen bazterketan oinarritzen den prozesurik onartu. Determinazioz jokatu eta herriz herri zein ikastetxez ikastetxe Curriculumaren aplikazioa ahalbidetuko duen prozesu bat bultzatu behar dugu, non tokian tokiko hezkuntza proiektuek funtsezko oinarria ezarriko duten. Herri gisa pentsatuz eta arituz, aplikaziorako prozesu osoa bultzatu eta praktikara eraman behar dugu, interes partikularretik harago.

Behar dugun bezalaxe Euskal Unibertsitatea, euskaldunon unibertsitatea, euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea izanen dena, parte hartzearen sustatzailea, herritarra eta demokratikoa. Unibertsitate bat europar esparruan homologagarria dena baina, era berean, Euskal Herriaren eraketa soziopolitikorako lagungarria dena.

Baina Unibertsitatea ez ezik, Lanbide Heziketa ere herritarra eta euskalduna behar dugu. Era berean, ikerketek erakutsi duten bidetik, Haur Hezkuntzak euskalduntzean eta haurraren garapenean lortzen dituen emaitzak kontuan, Haur Hezkuntzako etapak hezitzailea izan behar du. Gordelekuak ez ditugu behar (horretarako baitaude giltzarrapoz ixten diren geltokietako -barka gaiarekiko tema- apalategiak). Haur Hezkuntza hezitzailea eta, jakina, euskalduna.

Eta hori guztia Oinarrizko Hezkuntza Akordioak bildua. Hezkuntza eragileek babestutako dinamika orokor eta etengabean. Hori dela-eta, dinamika hau kaleratu eta ikusarazi egin dugu azken bi hilabeteotan martxoan hasitako eskualdez eskualdeko erakusketa, elkarretaratze, jaialdi edota ipuin saioen bitartez. Hezkuntza eragileek akuilatuta baina herritar guztiengana ailegatuz. Hezkuntza munduko aldarrikapena herri-aldarri bihurtuz.

Eta orain azken txanpa hartuta, Iruñean dugu hurrengo geltokia. Agostiren abizen bera zuen hark kantatu zuen hurrengo geltokian dugu hitzordua. Osatuagoa, ordea: esperantza eta aldarrikapena.

Hori guzti hori gauzatu ahal izateko, Hezkuntza Sistema gure behar eta erabakien arabera egokitu behar dugu. Bide horretan, ezinbestekoa izango da euskal herritar guztien eskubideen errespetuan oinarrituko den egoera ahalbidetzea. Izan ere, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala izateko eta antolatzeko eskubidea duen arren, euskaldunon hezkuntza eskubideak egunerokoan urratu egiten dira, egungo sistemak dituen mugak eta ezintasun estrukturalak agerian utziz. Hezkuntzan ere geure erabakiak geuk hartu ezik, nekez lortuko baitugu Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea.

Maiatzaren 30ean, Iruñeko Autobus Geltokia zain dugu. Kolorez betea eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldarrikapenak barne hartzen dituen oihu guztiak bereganatzeko prest: Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea, Lanbide Heziketa, Haur Hezkuntza eta Eskolatze etapa guztiek izan behar duten paper hezitzaile, herritar, euskaldun eta euskalduntzearen aldekoa. Vemos-nos.

(*) Joxan Oiz eta Arantxa Urbez gain, Joxe Mari Auzmendi, Edurne Larrañaga eta Ruben Iglesiasek ere sinatzen dute .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo