GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Denbora azkarregi ari da pasatzen, eta badira bi urte `saltsan' ez nabilela»

p047_f01_97x172.jpg

Igor ASTARLOA, Milram taldeko txirrindularia

2003. urtean Munduko txapeldun izatea erdietsita, bazirudien txirrindulari ermuarrak hurrengo urteetan palmaresa nahi beste gizen zezakeela. Bai zera! Erorikoek eta gaixotasunek ez diote bakerik eman Igor Astarloari. Hala, 2006ko Milano-Torino lasterketaz geroztik, garaipenik gabe dabil. Aurten ere, birus batek Giroa bigarren etapan utzarazi dio. Denbora larregi tropel buruko «saltsatik» urrun.

Denbora. Horra Igor Astarloaren etsairik amorratuenetakoa. «Urte onak gutxi izaten dira eta topera aprobetxatzea komeni da» aitortu du txirrindulari ermuarrak. Carpe Diem? Baliteke, baina eskarmentua batez ere. Birus batek Girotik kanpo laga du, baina ez dizkio ilusioak erre. Egutegia aldatu egin zaio orain, baina ideia bat bederen garbi dauka ermuarrak: «Donostiako Klasikoa irabazi nahiko nuke».

Zer moduz dago Igor Astarloa?

Hobeto, egia esan. Birusen batek Girotik kanporatu nau, eta hemen nago, sendatzen. Astebete emango dut entrenatu barik, baina tira, hobeto nago orain.

Talentua beti erakutsi duzu, baina osasunak ez omen dizu bakerik ematen!

Ez horratik! Eskuko lesioa dela, erorketak direla, iaz nozitu nuen toxoplasmosia dela... Nire aurkari nagusia osasuna da, duda barik eta, noski, osasunik ezean, ezin duzu lehiatu.

Tira, aurten Pro Tourreko talde batean zabiltza, behintzat, eta sendatu bezain laster probarik garrantzitsuenetan lehiatzen ikusiko zaitugu.

Aldea dago, bai. Barloworlden bi urte eman ditut eta orain Milramen nago. Tira, esperientzia ona izaten ari da. Petacchi zen taldeko erreferentzia, berez; pentsa, urtean 20-30 garaipen bermatzen dituen txirrindularia da, baina orain dopina dela-eta dituen arazoengatik eta Erik Zabel zahartzen ari delako, bada, Milramek aukera hau eman dit eta hori niretzat abantaila bat izango da. Atera kontuak, «hiru handiak» zein klasikoetan parte hartuko dugula badakigu, gonbidapen beharrik gabe.

Tira, Pro Tourrean egoteak ere badu bere ordaina; hau da, konpromiso asko bete behar dituela taldeak eta, beraz, lasterketa guztietara joan behar dugula. Nik, esaterako, Giroa hasterako beste lasterketa askotan parte hartu dut: Australian, Lizarran, Tirreniar-Adriatikoan, Euskal Herriko Itzulian, Ardenetako klasikoak... eta penatan laga dut Giroa, nahiko ongi bainengoen, eta banuen, gainera, aurreneko etapa horietakoren bat irabazteko itxaropena.

Are gehiago, 2007. urtea hain eskasa izan eta gero?

Bada, bai. Argi geratu da Ricardo Ricco oso sasoi onean iritsi dela, eta bestela ere nahiko zaila izango zen irabaztea, baina amaiera hain gogorrak izan dituzten etapa horietan, aldats motzetan... han aurrean ibiltzea izan nezakeen.

2006ko Milano-Torinoz geroztik ez naiz tropeleko «saltsan» ibili. Dagoeneko beteranoetako bat naiz eta denbora oso azkar ari zait pasatzen.

Baliteke, hala ere, zure ibilbidea luzatzerik izatea, gorputza hain zigortuta ez daukazulako?

Izan liteke. Ongi aurkitzen naiz eta hor aurrean ibil nintekeela uste dut. Baina egia da gutxiengoa direla adinean aurrera eginda ere hor aurrean dabiltzanak: Rebellin, Zabel... Urte onak gutxi izaten dira, eta orduan aprobetxatu ezean, gero zaila izaten da nabarmentzea.

Nik neuk Milramekin aurten amaituko dut eta nahiko nuke talde honekin zein besteren batekin kontratu on bat aurkitzea denboraldi amaiera eta gero. Baina txirrindularitzak azken urteotan panorama nahiko eskasa eskaintzen du.

Zein da zure hurrengo egutegia?

Giroa uzteak dena aldatu dit eta ziur ez dakit. Berez, Dauphiné korritu behar nuen baina zalantza dago Suitza edo Dauphiné egingo dudan, gero Vuelta hor dago, Lonbardia... baina tartean Tourra dela-eta eten handiegia dago ziur esateko.

Badakidana zera da: Donostia-Donostia Klasikoa irabaztea gustatuko litzaidakeela. Atseden honen ondotik, lehen esan bezala, nire burua aurrean erakusten saiatuko naiz eta, ahal dela, Donostian, etxean, muturrean ibiltzea atsegin izango nuke. Baina lehenengo beste lasterketa batzuetan nire burua tropel buruan ikusi nahiko nuke.

Itzul gaitezen Girora. Orain hasten omen da benetako lasterketa: faboritorik?

Ez dakit, bada. Egia da, bai, mendi handi horietan sartu dela tropela. Orain arte, aldapa motz baina piko horietako etapetan 20 bat segundo gal ditzakezu, baina Giroko aldapa handietan segundoak ez, minutuak erraz galtzen dira. Nik uste Ricco, Di Luca... ongi ibiliko direla, izan ere, Giroa berariaz prestatu baitute, baina aurreneko etapa horietan indar gehiegi xahutu baldin badute, beharbada ordaindu egin beharko dute.

Zer iruditzen zaizu Contador hautagai gisa? Ez al da harritzekoa Euskal Herriko Itzulian hain ongi egonda, Giroan ere horren gogor ibiltzea?

Astanak ez du Tourrik egingo eta, ondorioz, motibaturik dago Giro honetan. Gainera, Óscar Freireren antzera, gutxi behar du Contadorrek sasoian jartzeko. Ikusiko dugu, baina gaztea da, ilusioz gainezka dago eta talentua sobera dauka.

Arnaitz GORRITI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo