GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilbotik Iruñera salto egingo du Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko dinamikak

p023_f03.jpg

GARA |

Datorren ostiralean bukatuko da Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak abian jarri duen dinamika. Hori dela-eta, azken astea Bilbon pasa ondoren, Iruñera egingo du salto ekimenak, eta datorren ostiralean, 18.00etan manifestazio batekin bukaera emango diote bi hilabete iraun duen ekimen honi.

Debagoiena, Ezkerraldea, Urola-Kosta, Oarso eta Goierriko herrietan aritu dira, batez ere, baina beste herrietan ere agertu izan dira. Bilbon izandako astean, beste egonaldietan bezala, ehunka ikasle, irakasle eta gurasok parte hartu dute. Hitzaldi eta erakusketez gain, Santutxu auzoan haurrentzako jolasak eta nagusientzako arratsalde pasa egin zuten.

Bilboko egonaldian, Euskal Herriko beste hainbat tokitan azaldutako kezka bera agertu da: «Haurrentzako eskola euskaldun eta hezitzailerik eza», alegia.

Euskal Herriak Bere Eskolak haur hezkuntzaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta era berean, 0-6 zikloa era egokian garatu ahal izateko aurkitzen dituzten arazoak salatu.

Lehenik eta behin, oso plaza kopuru mugatua eskaintzen denez, guraso ugari haurrak matrikulatu ezinik geratzen direla salatu dute.

Haur eskola publikorik ezak sortzen dion kezka ere azaldu du, izan ere, «eskubidea dena luxu bihurtzen ari da gurasoentzat, matrikulak oso garestiak direla-eta».

Haur eskoletan euskarak duen trataera ere salatu dute. Hego Euskal Herrian gaztelaniazko haur eskolei lehentasuna ematen zaien bezala Ipar Euskal Herrian frantsesekoei, eta Nafarroan «Hello haur eskolak, ingeles eta gaztelaniakoak, bultzatzen ari dira Gobernutik».

Azkenik, eta heziketa ereduari dagokionez, «eskolak baino, umezaintza» dira, EHBEren esanetan, Euskal Herrian 0-6 urteko haurrentzat dauden zentroak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo