GARA > Idatzia > Futbola

AVIRON

Berdinketarekin ospatu du Avironek igoera

p045_f02_88x88.jpg

AVIRON 1

GIRONDINS B 1

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek eta Girondinsek berdinketan amaitu zuten atzoko partida. Mailako bi onenak ez zuten ezer jokoan, eta hori nabaritu zen. Izan ere Avironek pasa den larunbatean lortu baitzuen N1era igotzea, eta atzokoa festa bat izan zen.

Baionako taldea berriro ere Euskal Herriko talderik garrantzitsuenetakoa bihurtuko da. Zorionerako edo zoritxarrerako, asko dira oraindik estatu espainoleko eta frantseseko ligen arteko konparaketa egin nahi izaten dutenak, baina hori ez da erraza, bi herrialdeetako Ligen egitura oso ezberdina delako. Hala ere, Aviron aurten aritu den maila Estatu Espainiarreko Bigarren B Mailarekin aldera daiteke, eta heldu den urtekoa, berriz, Bigarren A eta Bigarren B Mailaren artekoa izango litzateke zuri-urdinen maila.

Lehen zatia ez zen ona izan. Bi taldeek egin beharrekoa eginda zuten. Girondinsek multzoko lehen postua segurtatua zuen, baita Avironek bigarrena ere, eta nola ez, N1era igotzeko txartela ere bai.

Beraz, inork ez zuen minik hartu nahi denboraldiko azkeneko partidan. Bordelekoak nagusitzen hasi ziren zelai erdian, eta beraiena izan zen lehen aukera ere, laugarren minutuan Tacrek Bouet estu hartu baitzuen. Elisalt izan zen kanpotarren atera jaurtitzen ausartu zen lehena, baina haren jaurtiketa kanpora joan zen.

Girondinsek zelai erdian nagusi izaten jarraitzen zuen, baina etxekoak kontraerasoan min egiteko gai ziren, eta hala, 21. minutuan Choplainek izan zuen aukeran ez zuen barkatu, eta etxekoak aitzinean jarri zituen.

Hortik, eta atsedenera bitartean, euskaldunek beste bi aukera ere izan zituzten bigarren gola egiteko, baina Lalane eta Heckly ez ziren fin ibili kanpotarren atearen aurrean, eta 1-0 emaitzarekin joan ziren atseden hartzera, nahiz eta aurretik Bouetek bi geldialdi on egin behar izan zituen.

Bigarren zatian ere gauzak ez ziren askorik aldatu. Lehen erdian, etxekoak nagusitu ziren, eta aukerak sortu zituzten, baina seigarren minutuan Bordeleko taldeak berdintzea lortu zuen. Gero, Labarbek, eta Poueysek izan zituzten bigarren gola egiteko aukerak, baina ez zuten asmatu Olimparen aurrean. Azkeneko minutuetan kanpotarrek ere ukan zuten aukerarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo