GARA > Idatzia > Gaurkoa

Jon Maia Bertsolaria

Maribi Arregiren gutuna

Iragan astean Maribi Arregik, Joxe Arregiren arrebak idatzitako gutuna argitaratu zuen GARAk (2008-5-22). Jon Maiak ziurrenik irakurleetako askok gutun hura irakurrita sentitu zutena artikulu honetan biltzea lortu du, hein handi batean. Estatuaren biolentziaren biktimen memoria errebindikatuz, demokraziarako bidean duten funtzio pedagogikoa azaltzen du. Eta hil aurretik Joxe Arregik esandako hitzak parafraseatuz, Maiak argi uzten du bai Arregiren sendiari, bai euskal herritarrei, baita hauen etsaiei ere, bidali nahi dien mezua: «Latza, bai, baina ez alferrik».

Duela egun batzuk Joxe Arregiren arrebaren gutun bat irakurri ahal izan genuen orriotan. Gutun bat, gutun xume eta soila, berak esan zuen bezala, baina sentimendu karga mingarria, oso sakona, adierazten zuena bere xumetasunean.

Gutun xume bat egunkariotan, ez da mikrofono bat Kursaalen, baina hitzek han bezainbat balio dute hemen ere. Kursaalera gonbidatu ez zuten Joxe Arregiren amaren hitzak jarri zituen alabak paperean, hain zuzen ere, Zizurkilgo plazari seme torturatuaren izena kentzean esan zuena: «Nire semea berriro hiltzea bezala izan da». Plazari izena kendu zioten egun berean zendu zen Joxe Arregiren ama.

Egun batzuk pasa dira eta gutun hartan aipatutako pertsonak, herriko alkateak, erantzunik eman ez duela ikusita, erakundeen eta soilik biktimen sektore batekiko politika ofizialean aktibo diren intelektualen isiltasun aktiboaren aurrean, nire ekarpena egin nahi nuke, gutun hark eragin zidan zirraratik, ahalik eta modu eraikitzaileenean.

Nire iritziz, edozein estatuko estamentuen eskuetan eta eskutik eraildakoen izenek ez dute soilik plaza baten izena izan behar beren herrietan. Erakunde publikoen eskuetan hil diren neurrian, erakunde horietako eskola liburuetan agertu behar lirateke, biharko egunean gure herrian agintari izango direnek estatuak sor dezakeen horrorearen berri izan dezaten, eta beraiek beren aurrekoak erori diren joko horretan inoiz eror ez daitezen. Belaunaldi berriek, biharko lehendakariek, poliziek, kargu eta funtzionario publikoek, oro har, boterearen jabetzaren inpunitatearen edo zigorgabetasunaren erabilerak zenbaterainoko terrorea sor dezakeen ikasi behar lukete. Horien guztien mespretxuak zuengan sortutako min lazgarria beste inoiz errepika ez dadin beste inorengan. Benetan probetxugarria izango litzateke guztiontzat noizbait hori irakatsiko balitz, esate baterako, etika klaseetan. Boterearen abusuak sor dezakeen biktima asko, min asko, terrore asko ekidingo genuke.

Torturatuta eraildakoen izenak, haien heriotza prozesuaren deskripzioak eta beraien gorpuen autopsiak diplomatura atera behar duten ikasleen ikasgaietan agertu behar lirateke, esaterako, medikuntzan, kriminologian edo psikologian. Horrela, kasuok, botereak demokraziaren profesionalengan sor dezakeen perbertsioaren ikergai izan daitezen, eta demokraziaren perbertsio horretan erabiltzen den tresneriaren aplikazioak giza gorputzean izan ditzakeen ondorioen aztergai.

Estatuaren edozein estamenturen eskuetan edo eskutik eraildakoen izenak zuzenbide karrerako ikasketetan agertu behar lirateke, unibertsitate publikoak diren neurrian, erakunde publikoek eurek sortutako legedien zulo beltzak azter ditzaten eta demokrazia batean, legearen babesean inoiz gertatu behar ez litzatekeenaren eredu eta aztergai izan daitezen. Legedia antiterroristaren aplikazioan hildakoen kasuak aztertu eta horiek ez errepikatzeko neurri guztiak hartzeak, on handia egingo luke.

Estatuen funtzionarioen eskuetan hildakoen izenak eta heriotzak noizbait Euskal Herriak izan beharko duen Torturaren Interpretazio Zentroan agertu beharko dira, gure herrian milaka euskal herritarrek jasan dutena munduarentzat lezio izan dadin. Munduan, beren burua demokratikotzat duten instituzioek horrelako biktimenganako erakusten duten mespretxurik errepika ez dadin, ez hemen, ez inon.

Zoritxarrez, alor horretan munduan erreferentzialak izateko adina hildako eta mespretxu pilatu dute demokrazia eta erakunde hauek Euskal Herrian.

Nire ustez, torturatuta eraildakoen izenak plaza gehiagotan agertu behar lirateke, gure umeen jolasek heriotza horien samina goza dezaten, eta batez ere, plaza horiek herriarenak diren neurrian, herriarenak diren erakundeen beren miseriak eragindako mina onartu eta kitatzeko ahalegin publiko gisara.

Erakunde instituzional hauek edo berri batzuek noizbait hori guztia edo antzeko zerbait egin beharko dute, benetako konponbidearen bila zuzendutako pauso zintzoak emango badituzte. Noizbait, biktima guztiek beharko dute errekonozimendua eta biktima bakar bat gehiago eragingo ez duen demokrazia eraiki beharko da. Baina oraingoz ez dute egin, ez dute egin nahi.

Maribi, azken bi hitz zuentzat. Demokraziaren baliabide errepresiboen aplikazioan torturatuak eta hilak izan diren ehunka biktima eta zuek, haien senideak, inplizituki baztertuak izan zarete, beste hainbatetan bezala, lehengoan Kursaalen izan ziren ordezkari instituzional eta politiko guztien aldetik. Ekitaldi horrek zaurian sakontzea eta mina areagotzea baino ez du lortu. Zuentzat ez dago Kursaalik, bazterketaren mespretxua baino ez.

Baina nire iritzia da, lau urtetarako hautatuta, beraz, kasualki baina aldi berean interesatuki, han egon ziren soldatapeko profesional guztien presentzia protokolozko horrek baino mila aldiz gehiago balio duela, heriotzaraino torturatuak izan gaitezkeenon besarkada zintzo bakar batek. Eta zuentzat lerro bat idazteko gai ez diren intelektualen hango diskurtsoak baino gehiago balio du, zuen hildakoen isiltasunak berak.

Zuen anaiak «latza izan da» esan zuen heriotzaren atarian, demokrazia honen zulo beltzenetik atera ezinik zela. Latza da, diogu orain ere eta latza izan da esango dugu egunen batean. Latza, bai, baina ez alferrik.

Zuen etxeko Joxe eta gaurko demokraziaren terrorearen biktima guztiak, biharko egiazko demokrazia eraikitzeko zimendua dira ezinbestean. Munduko demokrazia guztientzat lezio eta etorkizuneko Euskal Herriaren demokraziaren oinarri izango dira. Eta Kursaalen egon ez baginen ere, zer eta etikaren izenean gure erakundeetatik eta gure plazetatik desagerrarazi nahi bagaituzte ere, Euskal Herri osoan milaka eta milaka gara egiazko demokraziarako bide horretan lan egiteko prest gaudenak. Milaka eta milaka zuekin gaudenak.

Har itzazu nire dolumin sentikorrenak zuen amaren heriotzagatik eta zuri muxu bat, Maribi. Latza da, baina ez alferrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo