GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Kateak

Aurreko astean, artikulugile batek trenean entzundako bi neska gazteren elkarrizketaren ondoren sentituriko harridura eta izua adierazi zituen. Neskek sexu kontuak zerabiltzaten eta batek besteari kontatutako esperientziaren arabera, ondorioa argia zen: sexualitatea, oraindik, ez dugu erabat aske eta gozamenez bizi emakumeok. Aurreko belaunaldietan ulergarriago egin dakiguke, mentalitatea ez baita erraz aldatzen; izutzeko modukoa, ordea, neska gazteek kontu hauek duela belaunaldi asko bezala hautematea da.

Bat egiten dut ikara sentsazioarekin. Jakin badakidalako treneko neska hori ez dela salbuespena. Jakin badakidalako bizitzan hain garrantzitsua den alderdi hori, are garrantzizkoago eta «obsesiboago» dela nerabetasunean. Amodioa lortzeko eta ondoan gordetzeko ezinbesteko tresnatzat jotzen baitugu. «Zer nahi dute mutilek? Zer nahi du loa kentzen didan mutilak? Sexua. Bada, berak nahi beste, berak gogoa duenean, berak nahi duen erara emango diot nik. Nire gogoa eta gozamena... arduratuko naiz geroago horretaz». Ohitura bihurtuta, menpeko sexualitatea besterik ez da garatuko, menpekotasun hori izaera osora hedatzeko arrisku larriarekin.

Bada beldurgarria, baina ez harrigarria. Inguruan daukaguna ikusi besterik ez dago gazteek, eta ez hain gazteek ere, senti dezaketena ulertzeko. Zer sartzen digute begietatik, belarrietatik? Gizonei dagokienez, sexu-gose ikaragarria eta emakume fisikoki ikusgarriak lortzeko nahia; bikotea aukeratzeko orduan, adimena, umorea eta erabaki gaitasun tinkoa, besteak beste, aintzat ez hartzeko joera (baita baztertzekoa ere). Emakumeekiko: «Izan emakume altua, liraina, azal beltzaran eta leunekoa, ezpain haragitsu eta aho gorrikoa, zeta antzeko ileduna, itxurari dagokionez. Izan goxoa, sentsuala, tarteka basatia, tarteka fina, ulerkorra eta adeitsua beti, izaerari begira. Izan emakume ederra, hauek baitira emakume ederraren ezinbesteko baldintzak».

Horiek guztiak. Horiek guztiak lortu beharrean aurkitzen gara. Ederrak izanik, maitatuak eta desiatuak izateko aukera eduki dezagun. Amodioa ere, ezinbestean lotzen baita emakumeon bizitzarekin, bereziki emakumeonarekin, bizitza horren izateko arrazoitzat eta helburutzat hartuta. Hori izango baita ondoren eraikiko dugun familiaren oinarria, non emakumeok gure erreinua eduki eta garatu ahal izango dugun, non erregina absolutua izango garen.

Dena kate bat da. Kate hitzak dauzkan bi adieretan, gainera. Alde batetik, gertaera hurrenkera bat, kasu honetan horrela definitzen dena: polita naiz, sexu-amodioan arrakastatsua, bikotea, amatasuna, familia eta ondorioz, bete-beteko bizitza. Bestetik, lotu, estutu eta sekulako frustrazioa eragiten digun katea. Emakumeon uztarria, ia esklusiboki ukitzen gaituzten beste arazo larri askoren jatorria, gainera.

Hori dela-eta, artikulugilearen beldurrari, gai hauek biltzen dituen hipokrisiari eta gauzak horrela egotearen erantzukizunari buruzko hausnarketarako obligazioa gaineratu nahi dizkiot. Berdintasunean oinarrituriko jendartean bizi garela gezurra baita, are gehiago sexualitate eta bikote harremanen ikuspuntutik. Emakumeok barruan askatasuna sentituta ere, hau da, guk geure buruari uztarria kenduta ere, kanpoko baldintzek, iritziek, publizitateak, merkatuak... ezartzen baitigute. Indarkeriak, langabeziak, pobreziak... menpean egonarazten baikaituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo