Soilik taldeak «Ilun» izenburuko aurkezpen diskoa jarri du kalean Baga-bigarekin
Anathema, Katatonia, Paradise Lost taldeen ildotik, besteak beste, Soilik taldeak metalaren alderik leunena jorratzen du. Zorrotzako eta Barakaldoko musikariek «Ilun» izenburuko diskoan jaso dute beren ekarpena.
I.L. | BILBO
Soilik taldearen sorrera 2002. urtean izan zen, eta Conflict Noise taldeko zenbait kideren ekimenez eman zituen lehen pausoak Ezkerraldeko bandak. Jabi, Jon eta Ortzi death metaletik pixka bat aldendu, eta soinu berriekin saiatu ziren aldi luze batez, helburu argirik gabe, baina, bide batez, proiektu berria izango zenaren oinarriak jarriz. Bi urteko ibilbidea egin ostean, estilo jakin batez jabetu ziren Conflict Noiseko bateria, baxua eta gitarra, eta hala, abeslariaren bila jo zuten. Emakumezkoa nahi zuten mikrofonoan eta, azkenik, Miriam Barriusorekin topo egin zuten.
The Howl eta Mad Mon Kis taldeetako ahotsa izan da Miriam. Horregatik, erakargarria iruditu zitzaion Soilik-eko lagunek egin zioten proposamena. «Nire ahotsari oporraldi txikitxo bat ematen diot talde honekin abesten dudan bakoitzean: melodia ugari, eta soinu garbia egiten dugu», azaldu digu Miriam Barriusok, izan ere, beste taldeetan metal gogorrenari eustera ohituta baitago Barakaldokoa.
Iazko neguan Aulestiko Altxatune estudioan sartu ziren zortzi abesti eta pieza instrumental bat hartuta, lehen diskoa grabatzeko asmoz. Txortx eta Iñigo Etxebarrieta teknikariak izan zituzten alboan. «Oso esperientzia polita izan zen», esan du neskak, oroituz.
Tonu malenkoniatsua
«Kantek kutsu triste halako bat dute, malenkoniatsua, baina ez ezkorra. Istorio ilunak abesten ditugu», esan digu Soilik-eko ahotsak. Hitzak beraiek sortuak dira, Ortzik eta Miriamek idatziak, «taldekide guztion ideiak hartuta», zehaztu du.
Ezkerraldeari buruzko beraien ikuspegia, itsasora doan neska baten istorioa, sorgin baten erreketa, lurrak gizakiari esango liokeenari buruzko hausnarketa, edo «zentzutasunaren mugak» dira albumean jorratzen dituzten gaiak.
Orain kontzertuak dira musikari bizkaitarren xede nagusia, eta diskoa zabaltzea eta ezagutzera ematea.