A. Ugarteburu Elgoibar
Euskararen bidean, Gotzon Garate eredu
Senidetasuna ez da traba izango, Gotzon, pentsatzen eta sentitzen dudana adierazteko. Elgoibar euskararen bidean ondo ikusten duzula diozu eta, horretarako, herri honetako hainbat euskararen lekuko izendatzen dituzu.
Egia da, bai. Alderdi onak ere ikusi eta goraipatu egin behar dira. Zilegi bekit, hala ere, zuk esandakoak osatu eta biribiltzea.
Euskaldun zaharren gatza eta piperra aipatzen duzu, besteak beste. Horiek gabe gure jarduna ezinezkoa izango zen. Oinarririk gabe etxerik egin ezin den bezala.
«Barren» astekaria ere goraipatzen duzu, bestalde. Horixe da ni neu gehien pozten nauena. Gazte asko dira gaur egun, izendatzeko beste baino gehiago, euskaraz ondo idazteko gai direnak. Jarraipena ziurtatuta dagoela esango nuke.
Ospetsu bihurtu diren zenbait idazle, ikertzaile eta testugileren izen batzuk ere eman dituzu. Guztiak gogoan izatea zaila da. Oro har, idatzi duzunarekin bat natorrela aitortu behar.
Neure arlo eta inguruko jardunari dagokionez, zerbait osatu beharra ikusi dut, ondo ezagutzen dudan kontua da eta. Elgoibarko Euskara Mintegia Herriko Institutuan sortu genuen 1980ko hamarkadan, ia dena egiteko zegoen sasoian sortu ere. Andres Alberdi eta ni ez eze, Inasio Garmendia eta Myriam Villasante mintegikideak ere hantxe ziren, Irungo Institutuan irakasle den Markos Balentziagarekin batera, Elkar argitaletxearekin lanean hasi ginenean. Taldea izan ez balitz ez zen testurik sortuko. Harrezkero 20 urtean egindako lana ez da broma izan. Andresen lanerako diziplina izan ez balitz ere, nekez osatuko genuen bide hori.
Azkenik, utzidazu nire ekarri honi teilatua ematen. Bonaparte printzeak eta R. M. Azkuek hasitako bidetik, zenbat pauso ibiliak eta zenbat koadernotxo beteak, herriz herri altxor bila, Euskal Herrian zehar. Euskararekin maitemindua bizi zaren hori, zu zeu zara hainbeste eleberri, artikulu eta ikerketa mamitsurekin euskarari, Elgoibarri eta Euskal Herriari etorkizun joria bermatzen diharduzuna. Zorionak!