GARA > Idatzia > Gutunak

Edurne Sanchez del Arco, Fernando Arburua, Mitxel Sarasketa, Enrike Letona, Jon Etxeandia, Olatz Caminos Preso politiko ohiak

«Ataramiñe»'08

Agur bero bat espetxe ezberdinetan, sasian, erbestean etxetik urrun zaudeten guztioi!

Heldu da, dakizuen moduan, aurtengo «Ataramiñe»n agertuko diren lanak biltzeko garaia. Ipuinak, poesia, testuak, marrazkiak... denak du tokia urtero osatzen den liburuan; beraz, gaur hasi eta irailaren bukaerara arte -azarorako dena prest izan behar baita- hor nonbait gordeta duzuena bidaltzeko aukera zabalik dago.

Zuetariko askok, agian, noizbait sortu zenuten hori inorentzat interesik ez duela pentsatuko duzue. Batzuek, apika, sortutakoa bidaliko zenukete, baina lotsa puntu bat sentituko duzue eta, azkenik, ez bidaltzea erabaki. Hainbatek, beharbada, norberarentzat sortutako zerbait dela eta bidaliz gero ulertuko ez den usteagatik ez dio ulertu nahi duenari ulertzeko aukerarik emango...

Baina zuek guztiok zaudeten bazterretik eta zaudeten egoeratik sortutako poesia, testu, ipuin, marrazki edo dena delako hori, ziur asko, noizbait barruan sentitu duzuen hori ateratzeko sortu zen. Bizitzen ari zareten edo uneren batean bizi izan zenuten inpotentzia, haserrea, tristura, poza edota zoriona lan horietan guztietan islatuta geratu da.

«Ataramiñe» testigantzaz osatutako liburua da, beraz.

Eta testigantza horiek ezinbestekoak zaizkigu. Eta testigantza horiek ezinbestekoak zaizkie.

Guri: zuen guztien eguneroko bizitzan zuekin egon ezin garenoi zuek gertuago sentitu ahal izateko eta gure egunerokotasunean ondoan sentitzeko.

Haiei: zuek guztiek existituko ez bazinete bezala egiten duten horiek existitzen zaretela ezin ukatu ahal izateko.

Animatu eta «Ataramiñe», animatu eta Ataramihiñe.

Besarkada bero bana guztioi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo