Joxe Iriarte «Bikila» Idazlea
1968ko maiatza
Aurreikuspen-gaitasun handiko gizona izan zen Aresti zena. Jakina, Gabrielek ez zezakeen jakin eskumako solapan arrosa zuria ez ezik, ezkerrekoan krabelin gorri-horia jarriko zigutenik
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Mendebaldeko kapitalismoaren metropoliak izugarrizko garapen ekonomikoa eta egonkortasun soziala izatera heldu ziren. Kapitalismoaren onurak goraipatzen ziren, langileriaren gaitasuna betiko joaz eta haren integrazioa azpimarratuz. Horregatik, 1968ko gertaerek eztanda edo lurrikara sozial baten itxura hartu zuten ohiko egia biribilak kolokan jarriz, gazteen artean batez ere.
Frantzian burgesiak ikara, izua ezagutu zuen; asko eta asko banketxeetatik dirua ateratzen saiatu ziren; beste batzuek atzerrira ihes egin zuten. Sekulako esperientzia zuen eta gaitasun handikoa zen presidentea bera ere, De Gaulle jenerala, une batez zer egin jakin gabe gelditu zen, Alemanian akantonaturiko dibisioak deitzeko asmotan ibili zelarik. Inongo zalantzarik gabe, botere-hutsunea sortu zen.
Ikasle-mugimendua izan zen errebolta hura piztu zuen zuzia, baina langileria ez zen atzean gelditu. Grebak eta lantegien okupazioak, bandera gorriak ateetan ezarriz, Frantzia osora zabaldu ziren. Maiatzaren 13an milioitik gora langilez zein ikaslez osaturiko manifestazio batek Pariseko kaleak bete zituen, eta Polizia ez zen gai izan kaleak kontrolpean izateko. Unibertsitateko paretetan mundu osora zabaldu zen mezua idatzi zuten: «Errealistak izan gaitezen, ezinezkoa eska dezagun». Eta Frantziaren atzetik, bolbora bezala, Italiara, Ingalaterrara... hedatuz joan zen gatazka soziala.
Soziologoen ondoren, ezkerreko zein eskuineko intelektual organikoek errebolta eta borroka haien adierazpenaz eta zergatiaz iritzi ugari eta kontrajarriak plazaratu zituzten. Batzuen ustez, miseriarik eta langabeziarik ez zegoenez, arrazoi materialetan oinarritutako arazoa baino, bizimodu edo zibilizazio krisialdiari leporatzen zioten gertatutakoa; besteek, ordea, XIX. mendeko mugimendu erromantikoaren azken aztarnatzat jo zuten, sukarraren gisara desagertuko zela aditzera emanez; baziren gertaera beste era batera ikusten zutenak ere, hots, gizarte kapitalista industrializatuak sortu dituen kontraesan berrietan, XXI. mendeko gizarte atariko nahikundeen aitzindari gisako asmo eta egitasmoak agertu bide zirela errebolta eta greba horietan.
Ene konbentzimendua da egoera horretan gertatutakoa gizarte burges honek eskatzen dituen aldaketa eta berriztapen sakonaren aldeko eztanda paradigmatikoa izan zela, behin eta berriro adieraziko dena, noiz eta nola ez badakigu ere.
Mundu zabalean ere. II. Mundu Gerraren ostean hedatu eta finkatzen zen sistema, sozialismo erreala zeritzona ere pitzatzen hasi zen, eta Tet-eko erasoaldiak AEBei desprestigio itzela ekarri zion. «O! O! Ho Chi Ming!» oihukatzen zen Parisen, eta Hego Amerikan Kubako iraultzaren itzalpean, Che Guevarak aldarrikapen trikontinentala idatzi zuen: «bat, bi, hiru Vietnam sortu behar dira».
Euskadin, ordurako, diktadurak sortutako izuaren erresuma pitzatzen hasia zen, eta hogeita hamar urteko lanbro eta iluntasunean ostarteak agertzen hasi ziren. Langile-mugimendu berria sortu zen, bere eragina gizarte osoan nabaria zelarik, gazte askoren bihotzetan laguntasunezko eta elkartasunezko balioak finkatuz. Sakristietan, mendigoizale elkarteetan, lantegiko ezkutuko bileretan, txikiteoan, giro soziala pil-pilean zegoen. Zenbait grebak gizartea kolpatu zuten egoera katalizatuz.
Herri grina eta mina, antsiaz beteriko bularrak, haize berriz betetzen ditu. Gandiaga poetak, Euskal Herria eta txakolina alderatuz, hitz hauek idatzi zizkigun: «Euskalerriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena hala ere».
Eztabaida ideologikoak, gogorrak eta oinarrizkoak ziren. Batzuen arabera, lehendabizi etxea eraiki behar zen, eta ondoren ikusiko genuen zein kolorez margotu paretak. Ordurako Gabriel Arestik iritzia emana zuen poema eder batean: «Nik: arrosa gorri bat nahi diat. Hark: Bai, baina lehenbizi arrosa. Nik: Bai, arrosa gorri bat. Hark: lehenbizi arrosa. Eta azkenean, arrosa zuri bat jarri zeutzaten jakaren solapan».
Aurreikuspen-gaitasun handiko gizona izan zen Aresti zena. Jakina, Gabrielek ez zezakeen jakin eskuineko solapan arrosa zuria ez ezik, ezkerrekoan krabelin gorri-horia jarriko zigutenik. Herri honetan errealitatea aurpegi askotako txanpona baita.
Gure asmo eta itxaropenek sustrai materialak zituzten, egoera baten seme-alabak ziren. Besteen artean aukera bat, eta ez erromantiko abenturazale edo kaskarin batzuen asmo ero bezain hutsalak. Izan ere, iraganean bezala orainaldian ere garrantzia dutenak ez dira egoerari loturik egiten diren kalkuluak edo aurreikuspenak, gizarte kapitalistari eta estatu zapaltzaileari egiten diogun kritikaren egiatasuna, eguneroko borrokaren beharra, eta gure emantzipazio helburuen zuzentasuna baizik. Horrek guztiak zutik dirau.