KRONIKA | «Cabalia» ikuskizuna Bilbon
Giro magikoa zaldiek, akrobatek, zuzeneko musikak, euriak eta elurrak sortuta
Norman Latourelle Cirque du Soleil ospetsuaren sortzaileetako bat da. Beste hainbat ekoizpen sonaturen bultzatzaile ere bada, horien artean berritzaileena «Cabalia», gaurtik aurrera Bilboko Botika Zaharrean ikus daitekeen ikuskizuna.
Izaskun LABEAGA
Guggenheim Museoko Lagunei, kazetari eta erreportari grafikoei gaur irekiko den karparen edukiaren berri eman zieten atzo, emanaldi berezi batean. Lehenago AEBetan, Kanadan eta Europako hainbat herrialdetan ikusi dute «zaldiekin egindako odisea multimedia» hau eta toki gehienetan bezala, atzoko saio berezira bildutako lagunak ahoa bete hortz gelditu ziren agertokian ikusitako akrobaziekin.
Guztira, 37 artista dira taula gaineko desfilean. Beraiekin batera, 70 zaldi baino gehiago, hamar arrazatakoak. Gazteenak Tempero eta Tigrino dira, 6 hilabete besterik ez dituzte; zaharrena, berriz, Templado, 22 urte dituen animalia. Buddy da pisu handiena duena, 900 kilo.
``Cabalia''k bi orduko iraupena du, baina ikuskari bereziak ordu erdi pasatxo iraun zuen, bost ekitaldi tartean. Zuzeneko musika entzuten da eta efektu ugari erabiltzen dituzte. Baliabide horiek eta proiektatzen diren irudiek giro berezia sortzen dute, ikuslea harrapatzen duena.
Argiak itzalita zirela agertu ziren lehenengo bi zaldiak hondarrean. Bi itzal lirain, bakoitza bi zaldizko gainean zituela, gizonezko bat eta emakume bat. Pixkanaka zaldien azal zuria nabarmentzen hasi zen, neskak arnes batzuen laguntzaz sabairako bidea hartu zuen bitartean. Zintzilik zeudela hainbat akrobazia egin zituzten, bikotearen laguntzarekin. Hondoan, zuzeneko abeslaria ikus zitekeen.
Izaskun LABEAGAJarraian, lehenengo euri zaparrada jausi zen. Urak gortina perfektua osatu zuen eta pantaila bat balitz bezala, zaldien irudiak eman zituzten azalean. Emakume bat agertu zen zaldi gainean eta ur gortinan pasillo bat ireki zen berari bide emanez. Bigarren amazona bat batu zitzaion. Urre koloreko diademak eta soineko luzeak jantzita, Erromatar Inperio garaiko motiboen artean ibili ziren mugimendu simetrikoak eginez, film batetik ateratakoak bailiran. Ondoren, joko handia eman zuen zapi bat erortzen utzi zuten abiatu aurretik.
Oraindik ikuskizunaren alderik ikusgarrienak etortzekoak ziren, baina ordurako artista multzoak bereganatuta zituen adin guztietako ikusleak; horien txaloak entzunda, behintzat, hori pentsa zitekeen.
Barearen osteko ekaitz modura agertu zen cowboy komiko bat eserlekuetatik hurbilen dagoen agertoki zatira. Txaloen bidez aginduak eman zizkion bere marroi koloreko zaldiari eta hau aurreko neskek utzitako zapia usaintzen geratu zen. Abiadura handiz utzi zuten eszena eta beraiei jarraiki filmetako indioek izaten dituzten zaldi motadun horietako multzo bat, arineketan hauek ere. Imajina ditzakegun postura guztiak egin zituzten zaldizkoek animalien gainean, dena abiadura bizian eta oihuekin atonduta.
Beharbada, hurrengo saioa izan zen osoena, aldi berean ekintza desberdinak ikusi baitziren: zaldi lasterketak lehen-lehenik eta gainean, zerutik zintzilik baleude bezala, lau neska zabuekin jolasean; erdiko gunean akrobaziak eta saltoak makilak oinarrian, eta sei musikari bukaeran: perkusioa, baxua, teklatua, gitarra, oboea, flauta eztia eta biolontxeloaren soinua entzun ziren.
Urtaroekin batera
Euria eta haizearen freskotasuna nabaritu zen bat-batean, iluntasunaren erdian. Neska baten irudia agertu zen pilota handi baten gainean orekari eusten. Elurra jausten hasi zen, bitsa noski, eta dena zuri-zuri utzi zuen.
Udazkena ere etorri zen gainera. Hostoak jausi ziren zerutik. Begien aurrean baso bat azaldu zen eta zaldi gris bakarti bat, animalia basatiaren antza zuena. Frédéric Pignon zaldi-hezitzailea hurbildu zitzaion eta elkarrekin jarraitu zuten, bata bestearen ondoan. Bi hanken gainean jarri zen lau hankaduna; erreberentziak egiten badakiela erakutsi zuen. Bigarren zaldi batekin moldatzea egokitu zitzaion Pignoni eta hirugarren batekin ere bai. Argia zuen gorputza eta beltza ilea. Benetan ederra, ikuskizuna bezala.