GIROA | Hamaseigarren etapa
Malda beldurgarrienei zor die garaipena Pellizottik
Liquigasekoa bosgarren zen ibilbide erdian, baina kilometro gogorrenetan erakustaldia eginda irabazi zuen
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Franco Pellizottik Emanuele Sellaren hirugarren garaipen jarraia ekidin zuen atzo Plan de Corones mendate gogorrean. Hamahiru kilometroko kronoigoeran, hankak ez ezik, burua ere erabili zuen Liquigaseko liderrak. Izan ere, ibilbide erdian lau txirrindulari aurretik bazituen ere, helmugan denborarik onena egin zuen, azkeneko bost kilometro beldurgarrietan onena izan ondoren.
Alberto Contadorren eta Ricardo Riccoren arteko borrokari dagokionez, madrildarrak zortzi segundo atera zizkion Formigineko Kobrari. Italiarrak ez zuen kosk egin, baina maillot arrosadunarengandik 41 segundora besterik ez dago. Gero eta argiago dago itzulia bi hauen artean jokatuko dela, azken unean Simoni lehian sartzen ez bada bederen. Diquigiovanni taldeko azeri zaharra hirugarren sailkatu zen atzo, eta oraindik Gavia eta Mortirolo gisako mendateak geratzen dira min egin ahal izateko.
Danilo Di Lucak, bestalde, iaz itzulia irabazi zuen txirrindulariarekin zerikusirik ez duela frogatu zuen. Edozer gauza egiteko gai da baina, antza, ez dago faboritoak bezain ondo. Menchov-ek ere aurreko egunetan erakutsitakoari ez zion jarraipenik eman, eta Klodenek Italiako igoera gogorrak beretzat ez direla agerian utzi zuen beste behin, bi minutu eta erdi baino gehiago galdu baitzuen helmugan.
Jardunaldia ikusgarria izan zen, errepidekoan baino mendiko bizikletan ibiltzeko aproposagoak diren bideetan aritu baitziren tropeleko ordezkariak. Azken bost kilometroak oso gogorrak ziren, %24ko maldak topatu baitzituzten aurrez aurre. Hortzak estutu eta ahal zuten moduan iritsi ziren txirrindulariak helmugara. Maldak malda, Pellizotti besteak baino indartsuago ailegatu zen. Eta freskoago. Iritsi eta minutura, komunikabideei adierazpenak ematen ari zen.
Ibilbide erdian Sellak 22 segundoko aldea ateratzen bazion ere -bosgarren zen, Simoniren, Contadorren eta Riccoren atzetik-, Plan de Corones gainean lehena izan zen atzoko garailea, mendiko liderra baino 6 segundo azkarragoa izan ostean. Azken bost kilometro beldurgarrietan Pellizottik 28 segundo kendu zizkion Sellari, 21 segundo Simoniri, 32 Contadorri eta 35 Riccori. Indarrak hobekien gorde eta banatu zituen txirrindularia izan zen. Dudarik gabe.
Sellak, berriz, ez zituen indarrak gorde. Hain zuzen ere, garaipena lortu zuen aurreko bi egunetan bezala, guztia eman zuen hasiera-hasieratik. Zertarako aldatu, estrategia horrek emaitza ona ekarri bazion asteburuan. Hirugarren garaipen jarraia lortzeko gutxi falta izan zitzaion, oso gutxi. Dena dela, azken egunotako erakustaldiak ikusita, mendiko jaun eta jabe ez ezik, Dolomitetakoa ere badela erakutsi du Navigarekoak.
Ricco: «Giroa ez da amaitu»
Mendiko ekitaldi gogorren ostean, Giroak atseden eguna izango du gaur. Gogoetarako unea. Adi, beraz, igandean Giaun gora gertatutakoa gogoan izanez gero, italiarrek Contadorri min egiteko formularekin aurkituko baitira. Egun horretan, madrildarra bizirik irteten utzi zuten, Giauko aldapetan atzean geratzen ari zenean. Ziur asko urrutitik eraso egiten saiatuko dira berriro.
Probetxurik atera gabeko aukera horretaz mintzatu zen atzoko garailea. «Ni eta nire taldea saiatu ginen, baina inork ez zigun lagundu», esan zuen Pellizottik. Alde horretatik, Riccok borrokarako prest dagoela berretsi zuen. «Giroa ez da oraindik amaitu. Bukaerara arte irabazteko borroka egingo dut. Milanera iritsi arte ez dut etsiko», adierazi zuen Saunier Duvaleko liderrak.
Bestalde, Contadorrek erlojupekoarekin gustura geratu zela azaldu zuen. «Maillot arrosari eustea zen xedea eta, ahal zela, abantaila handitzea. Lortu dut», gaineratu zuen.
Dolomitetan izandako hiru etapa gogorren ondoren, txirrindulariek lasaitzeko aukera izango dute gaur atseden eguna dela-eta. Gogoetarako unea iritsiko zaie.
Mendiko etapa gehiago izango dira oraindik. Ostiralean Monte Poran izango da helmuga; eta larunbatean, azken aurreko etapan, Gavia eta Mortirolo mitikoak igoko dituzte.