Joxean Barandiaran «kolaborazioa» egotzita kartzelatu dute, dinamika makur bati jarraituta
Atzo Ismael Moreno Auzitegi Nazional espainoleko epaileak Joxean Barandiaran Andoaingo herritar eta alkate ohia kartzelatzeko agindua eman zuen, hura bost egunez Guardia Zibilaren eskuetan izan ondoren. Epaileak emandako autoaren arabera, Barandiaran ETAko zenbait kiderekin bildu zen euskal estatuaren gaineko lan teoriko bati buruz hitz egiteko. Autoak azken urteotako dinamika makur bati jarraitzen dio; batetik, atxilotu mota jakin baten kontra behin-behineko espetxealdia, salbuespenezko neurria dena, sistematikoki erabilita; bestetik, dinamika horri jarraituta edonor sar lezakete kartzelara, deliturik egin ez duen edonor alegia. Izan ere, autoan ez da delitu zehatzik ageri. Barandiaran ETArekin bildu omen zen lan teoriko bati buruz hitz egiteko, eta hori inor kartzelatzeko motiboa bada, hainbat politikari eta are zenbait herrialdetako gobernariak ere sar litzakete kartzelan erakunde armatuaren itzala modu batean edo bestean luzatzen omen den inguru zabalarekin kolaboratzea egotzita. Dinamika ero horren ondorioz, lehen kaltetuak kartzelatuak dira, jakina; oraingoan Joxean Barandiaran. Baina baita, oro har, herritarren berme juridikoak ere.