GARA > Idatzia > Bruesa

LEB Liga Igoerarako Final Fourra

Lasok ez du lehentasunik Cácereseko aurkarien artean

Bruesako entrenatzaile gasteiztarrak taldea oso ondo ikusten duela nabarmendu zuen, «baita fisikoki ere, nahiz eta urtea oso luzea egiten den»

GARA | DONOSTIA

Gaur gauean jakingo du Bruesa Gipuzkoa Basketek nor izango duen aurkari asteburu honetan Caceresen jokatuko den ACBra igotzeko Final Fourrean. Alicante-Los Barrios norgehiagokan jarriko dute donostiarrek arreta, izan ere, bertan gertatzen denak erabakiko baitu nor izango den Lasorenen lehen aurkaria. Etxekoek irabaziz gero, Leche Rio Breoganen aurka jokatu beharko lituzkete finalerdiak, bestela gertatuz gero, aldiz, Los Barrioseko andaluziarren aurka neurtuko lituzkete indarrak.

Atzo emandako prentsaurrekoan, Pablo Lasok ez zuen argitu nor nahiago duen larunbaterako, nahiz eta Los Barriosek aurten jokatutako bi partidak irabazi dizkion. «Helburua bi partida irabaztea da, izan ere, argi geratu da Final Fourrean talde bakarrak irabazten duela. Gauzak horrela, bi aurkari gainditu beharko ditugu ACBra igo nahi badugu; lehena irabazita eta bigarrena galduta ez dugu ezer egiten, beraz, zertarako balio du orain bata edo bestea nahiago izateak? Berez, sailkapenaren arabera Breogan egokitu beharko litzaiguke, baina asteartera arte -gaur arte- ez dugu jakingo», adierazi zuen gipuzkoarren entrenatzaile gasteiztarrak.

«Taldea indartsu dago»

Azken asteetan taldearen jokoa nahiko eskasa izan den arren, Pablo Laso entrenatzaileak taldea ondo ikusten duela esan zuen. «Play offaren aurretik esan nuen taldea ondo dagoela. Fisikoki ere ondo ikusten dut taldea; kontua da, entrenatzaile askok esan bezala, denboraldia oso luze egiten dela, baina une garrantzitsuetan motibazioa berreskuratzen da», adierazi zuen jokalari ohiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo