GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJk ez du babestu 33/01 auzia salatzeko Laudion aurkeztutako mozioa

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auzia salatzeko mozioa aurkeztu zuten atzo Laudion. EAJk ez zuen ekimena babestu, 27 auzipetuen artean «errudunak» egon litezkeela argudiatuta.

GARA |

Laudioko udaletxeko osoko bilkuran amnistiaren aldeko mu-gimenduaren aurkako epaiketa salatzeko eta auzipetuta dau-den 27 euskal herritarrei elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioa bertan behera geratu zen EAJk ez baitzuen babestu nahi izan.

Alderdi jeltzaleko ordezkariek beste testu bat aurkeztu zuten lehendabizi aurkeztutakoa ez babesteko. Bertan, elkartasuna adierazten zitzaion «giza eskubideen alde era baketsu eta demokratikoan lan egiteagatik auzipetuta izan ahal direnei», eta Auzitegi Nazional espainola desagertzea eskatzen zen. Horrez gain, ETAren indarkeria gaitzesten zuen idatziak.

Jelkideen jarrera ikusita, Laudioko amnistiaren aldeko mugimenduak elkarrizketa eta eztabaida sustatzeko asmoz hainbat galdera egin zizkion Jon Karla Menoyo alkateari, eta salatu zutenez «manipulazioa erabilita» erantzun zien.

33/01 sumarioan auzipetutakoen artean «errudunak» egon litezkeela esan ei zuen alkateak eta, sekula ez duela babes ekonomikorik emango, nahiz eta herrikide bat, bi edo hiru egon auziperatuta. Menoyok amnistiaren aldeko mugimenduaren lana ETA erakundearekin lotu zuela ere salatu zuten.

Olanoren «jazarpena»

Bestalde, Askatasunak ezagutzera eman zuenez, Juan Mari Olanok gaur goizean deklaratu beharko du Auzitegi Nazionalean. 2007ko abuztuaren 11n Sabin Euba euskal militanteari egin nahi izan zitzaion omenaldian «terrorismoari gorazarre» egin izana egotzi baitio Fernando Grande-Marlaska epaileak. Olanok bizi duen «etengabeko jazarpena» salatu zuen, eta «errepresioak itsututa dauden horiei azken preso eta iheslari politikoak etxean izan arte» amnistiaren aldeko mugimenduak lanean jarraituko duela adierazi zuen. Zaldibiarra 33/01 sumarioaren barnean epaitzen ari dira Madrilen.

Auzipetuak hitzaldiak ematen ari dira azken 30 urteetan Euskal Herrian errepresioak izan duen bilakaeraren berri emateko. Madrilen eta Bartzelonan ere eman izan dituzte eta azken hiri horretan, eragile ezberdinek sinatutako agiria aurkeztu zuten.

Presoen eskubideen alde, atzo 100 lagun mobilizatu ziren Santurtzin, 71 Ondarroan, 22 Astigarragan, 20 Zaldibian, 11 Euban, 15 Añorgan, 62 Iurretan, 30 Ataunen, 20 Otxarkoagan, 30 Iralan eta 57 Laudion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo