Beasaingo Alkartasuna Lizeoak aurrera egin dezala eskatuko dute gurasoek
Alkartasuna Lizeoko Guraso Elkarteak ikastetxeko 500 familiei gaur arratsaldeko seietan Beasaingo Institutuko atarian elkartzeko deia egin die, guztiek batera lizeoaren hezkuntza proiektuak, funtzionamenduak eta kokapenak bere horretan jarrai dezala aldarrikatzeko.
GARA |
Hitzordu garrantzitsua dute Alkartasuna Lizeoko 500 familiek Beasaingo Institutuko atarian, Lakuako Hezkuntza Saileko arduradunak bilduko baitira bertan ikastetxearen etorkizunaz mintzatzeko. Guraso Elkarteak deituta, lizeoaren proiektua, kokapena eta funtzionamendua mantendu daitezela aldarrikatuko dute aita-amek.
Elkarte horretako ordezkariek adierazi dutenez, dekretu bat argitaratzeko mehatxua egin die Hezkuntza Sailak eta asmoa betez gero, lizeoaren hezkuntza proiektua desagerrarazi egingo lukete. «DBH osoa (12-16 urte) kenduko litzaioke dekretuz gainerako ikastetxe publikoekin uztartzeko. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ere (2-12 urte) ikastetxe publikoekin uztartzea proposatu du Hezkuntza Sailak», azaldu dute. Gurasoen %85ek asmo horien aurka daudela erran dute.
Orain berrogei urte Alkartasuna Lizeoa ikastola sortu zuten Beasaingo herritarrek. Duela hamabi urte ikastetxe publiko bihurtu zen eta, horretarako, Hezkuntza Sailak «ezinbesteko baldintza bat» hitzartu zuen orduko guraso eta irakasleekin: «Ikastolaren nortasuna, hezkuntza proiektua eta kokapena mantentzea, garatzea eta indartzea». Hezkuntza Sailak, ordea, hitza jan du, Guraso Elkarteak salatu duenez. Azaldu dutenez, ez dute oinarrizko berrikuntzarik egin eta, ondorioz, funtsezko azpiegiturak falta dira, eraikuntzak ez ditu segurtasun arauak betetzen eta jangela gainezka dago. Ez hori bakarrik. Gurasoek beren patrikatik ordaindu dituzte bi urteko haurren gelak eta jangelako obrak, eta beren gain hartu dituzte gela horien gastu guztiak. Gainera, hamazazpi familiari bi urteko haurrak lizeoan eskolaratzea ukatu die Hezkuntza Sailak, toki arazoengatik.
Guraso Elkarteak baliabideak jartzeko eskatzen dio Hezkuntza Sailari, horrela Alkartasuna Lizeoaren jarraipena ziurtatu ahal izateko. Bilera bat egiteko ahaleginean behin eta berriz saiatu diren arren, ezezkoa jaso dutela salatu dute.