GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa

Europak bere burua ukatu du immigrazioaren aurrean

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak Europar Batasunean segur asko onartuko duten immigrazioari buruzko zuzentaraua du hizpide artikulu honetan. Dioenez, zuzentarau hori ez litzateke bat etorriko, besteak beste, «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eta Giza Eskubideak Babesteko Europako Hitzarmenaren irakurketa ez-murriztaile batekin».

Duela egun batzuk albiste izan zen 15 urteko gaztetxo marokoar batek Tangerretik kamioi baten azpialdean 275 kilometro egin zituela. Calera de Leónen aurkitu zuten, desnutrizio zantzuekin. Gaztetxoak Europara etorri nahi zuen, jaioterrian izango zuena baino etorkizun hobea lortzeko aukera baten bila. Erabiltzen den terminologiaren arabera, gaztetxoa «paperik gabeko» bat da (gizakiaren duintasuna iraintzen duen esaera ikaragarria da hori) eta, Europar Batasunean (EB) eztabaidatzen ari den ekimenak aurrera egiten badu, atxilotua eta kanporatua izan liteke, giza eskubideek eta horiek babesten dituen berme-sistemak EBko herrialdeen oinarrizko zutabe izan behar dutela uste dugunoi lotsa eta haserrea eragin beharko liguketen baldintzetan.

Joan den ostiralean, Europar Batasuneko gobernu-ordezkariek erabaki bat hartu zuten, eta Europako Batzordearen zuzentarau gisa onartuko da (baldin eta Europako Parlamentuak ezezkoa ematen ez badio). Erabaki horren arabera, Europako erkidegoaz kanpokoak diren «paperik gabeko» etorkinak, gobernuaren aginduz, gehienez ere 18 hilabetez atxilotuta egon eta gero kanporatuak izan litezke, hori guztia beharrezko bermeak emateko kontrol judizialik gabe. Gaur egun herrialde guztiek gai honen gaineko legeria propioa dute, eta zuzentarau horren bidez legeria horiek guztiak bateratu nahi dira. Horrek, egiaz, hauxe esan nahi du: giza eskubideen babes-sistemak urratzen dituzten zenbait jarduera bertako errealitatearen osagai naturaltzat hartuko direla, europar legeriaz jantzita eta, orobat, babesa emango zaiola hain errepresiboak ez diren legeriak gogortzeari.

EBk ez du immigrazio politikarik landu (Batasunean sartzeko kontrolak izan ezik -Schengengo altxorra-), ezta garapenaren alde lankidetzan aritzeko edo NBEren Milurtekoko Helburuak lortzen laguntzeko politikarik ere, eta begiak itxi ditu biztanle etorkinen errealitate larriaren aurrean -bereziki nabarmendu nahi dut bakarrik dauden adin txikikoen egoera- eta orain, ordea, «legez kontrako» immigrazioaren aurka zenbait ekintza burutzeko mugitu da (gogoratu ekonomia-oparoaldietan immigrazio horrek etekin handiak eman zizkiola gizaki aurpegirik gabeko kapitalismoari), Europaren arima osatzen duen -edo osatu beharko lukeen- mamia, hau da, gizakien eskubideak ahaztuz edo, bestela, urratuz. Eta milioika europarrek etorkizun hobearen bila Atlantikoa gurutzatu zutela gogorarazten digun bere memoria historikoaren kontra zinikoki eraso eginez. Hori guztia kezkagarria da.

GKEek eta artikulu-egileek zuzentarau lotsagarritzat jo duten hori ez litzateke bateragarria izango Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eta Giza Eskubideak Babesteko Europako Hitzarmenaren irakurketa ez-murriztaile batekin. Halaber, ez litzateke bat etorriko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioarekin, ez Torturaren kontrako Nazioarteko Hitzarmenarekin, ezta Haurraren Eskubideei buruzko 1989ko Nazioarteko Hitzarmenarekin ere. Nazioarteko arau horiek guztiek betebehar batzuk ezartzen dizkiete Europar Batasuneko herrialde gehienei. Arau horietan ezarritako aginduek ezin diete eutsi, ezagutezinak bilakatu arteraino bihurrituta ez bada behintzat, Europako herrialde askotako legerietan araututako atxiloketei eta kanporaketei, Europako Batzordeak zuzentarau mailara igo nahi dituen horiei. Europako Kontseiluaren Giza Eskubideetarako komisarioak, Thomas Hammarbergek, oso argi hitz egin du honako hau adierazi duenean: «Atxilotzea kriminalekin bakarrik erabili behar da, eta etorkinak ez dira kriminalak». Harritzekoa bada ere, inork ez du eztabaidan jarri atxilotze kontua. Eztabaidagaiak hauexek izan dira: atxiloketa-aldia, berme juridikoak malgutzea eta desnaturalizatzea eta beste zenbait gai, esaterako, herrialde batzuek ez dituztela bere gain hartu nahi kanporatu nahi diren pertsonentzako abokatu-laguntzak sorturiko gastuak (hori da zekenkeria, hori!). Horrelako jarduerek, beste ondorio kaltegarri batzuen artean, EBko estatuen izena belzten dute, estatuok, Nazioarteko Erkidegoaren aurrean, beren burua askatasunak eta oinarrizko eskubideak bereziki bermatzeko sistemak dituzten herrialdetzat aurkezten dutenean.

Gainera, oso gogoan izan beharko genuke Europako gizartea, kultura eta ekonomia garatzen lagundu dutela Europakoak ez diren hainbat baliabidek, pentsamenduk, artek eta biztanlek. Hori ukaezina da, eta zuzen, zintzo eta era kontsekuentean jokatuz onartu beharko genuke. Edonola ere, Europar Batasunak salbuespenik gabe bete beharko lituzke gizakien aldeko nazioarteko Zuzenbideko instrumentuetatik datozen betebeharrak, eta herrialde guztietako giza eskubideak defendatzen parte hartu beharko luke. Horrez gain, elkartasun eta erantzukizun politikak bateratzeko ahaleginak egin behar dira «Europar Batasunaz kanpoko beste herrialde batzuetako pertsonen» jatorrizko herrialdeekin, batez ere Europak badakielako elikagaien krisialdia dagoela, nekazaritzarako erregaien eskaera igo delako edo finantza-espekulazioa kontrolatzen ez delako. Ez da bidezkoa elikagaien prezioen igoeragatik protestak ugaritzen ari direla ikusita -herrialde askotan egin dira-, lehentasun gisa «paperik gabeko» etorkinak atxilotu eta kanporatzeko modurik bizkorren eta eraginkorrena zein den erabakitzen ahalegintzea.

Dena den, ez dugu ahaztu behar eskubide sozialen garapen maila altua dela EBn, eta horrek mugatu egiten duela biztanle etorkinak gizarte-ekitatez geure baitan hartzeko ahalmena. Baina, erronka itzel horren aurrean, ez genituzke txikitu behar -are gutxiago, ezeztatu behar- gure demokrazien oinarriak; aitzitik, politika erabili beharko genuke, benetako politika. Politikak gidatu beharko luke migrazio-fluxuekin zerikusia duen guztia, merkatuen aldaketen eta eskrupulu faltaren mende utzi gabe. Europa osorako benetako immigrazio-politika bat diseinatu beharko litzateke, eraikitzea eta gizakien alde jokatzea oinarritzat hartuz eta, etorkizunari begira, sor daitezkeen arazoei aurrea hartuz. Lurralde ezberdinetan, gizarte eta immigrazio politikak bateratu beharko lirateke, eta, hori egiteko, pentsatu, eztabaidatu, planifikatu, koordinatu, GKEek parte hartzeko bideak jarri beharra dago. Eta EBk behin betiko prestatu beharko luke Afrikarako «Marshall plan» bat, izan ere, Afrikatik ezin konta ahala baliabide atera ditu kolonizazio garaian, bai eta gero ere.

Giza eskubideen ikuspuntutik, honako hau da onartezina: «atxikitze» edo «erretentzio» hitz zalantzagarriaren pean, Europan 20.000 pertsona atxilotuta egotea, askotan baldintza negargarrietan, gobernuaren aginduz eta epaileek esku hartu barik, eta EB prest egotea ez bakarrik egoera hori babesteko, baizik eta pertsona horien kanporatzea beharrezko bermerik gabe errazteko ere bai. Giza eskubideak babesteko berme-sistema, hain zuzen, funtsezko eta ezinbesteko osagaia da zuzenbideko estatu demokratiko batean. Hortaz, edozein atxilotze edo kanporatze prozesutan, lehen unetik esku hartu behar dute epaileek eta abokatuek. Osterantzean, demokraziaren oinarriak apurtzen ari gara, eta giza eskubideen defendatzaile batek, oraingo honetan arartekoak, ezin du halakorik ametitu.

«Gizon-emakume guztiak libre jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberekin, eta, arrazoimenez eta kontzientziaz jantzirik daudenez gero, elkarrekin senide moduan jokatu behar dute». Hala ezarri zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak lehenbiziko artikuluan (aldarrikapen horrek aurten bete ditu 60 urte). Europar Batasuna aldarrikapen eder horretan aldaketa bat egiteko zorian dago. Aldaketa horrek ehunka mila emakume, gizon, nerabe eta haur Europar Batasunetik kanporatzea ekarriko du eta, aldi berean, senidetasunaren betebehar etikoa deuseztatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo