GARA > Idatzia > Mendia

«14ak neure erritmora amaitzen saiatuko naiz»

Edurne Pasaban | Mendizalea

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Edurne Pasabani 14 zortzimilakoak amaitzeko lau falta zaizkio. Azkena, hamargarrena, maiatzaren lehenean igo zuen: Dhaulagiri. Tolosarrarekin Asier Izagirre, Alex Txikon, Ivan Vallejo, Ferran Latorre eta Muktu sherpa ere igo ziren; hots, taldekide guztiak.

Duela 10 urte hasi zinen HimalaIako zortzimilakoekin; hain zuzen ere, igo berri duzun Dhaulagirirekin. Guztira, hiru urte ezberdinetan egindako hiru ekinaldi behar izan dituzu zortzimilako tontor hori lortzeko. Aldez aurretik ez da hain zaila, baina kosta egin zaizu.

Bai, zuk esan duzun bezala, nahiz eta «zaila» ez izan, kosta egin zait. 1998an, Dhaulagirira joan ginenean ez genekien ezer; ez zen modurik egokiena zortzimilako bati ekiteko. Mendi horretan eguraldia nahiko aldakorra da, eta goialdean dagoen zeharkaldiak bitan behartu nau atzera egitera. Aurten, berriz, oso egoera onean aurkitu dugu eta tontorra lortu dugu.

Aurtengo espedizioan, mendia, batez ere goialdea, gogorrago egin dutenak haizeak eramandako elurra eta bistan utzitako izotza izan dira, ezta?

Bai, harrituta geunden. Aipatu dudan zeharkaldi horrekin itsututa geunden, baina, hara non, ondo zegoen. Handik gora, berriz, izotzak (asko zegoen) igoera korapilatu egin zuen. Erraztu ordez, zaildu egin zuen.

Zati horren jaitsiera, berriz, «bero-bero» jarriko zen, kontuan hartuz gero ez zenutela tresnatuta.

Ordurako igoeraren ondoriozko nekea sentitzen hasiak ginen eta, zati hori hain garbi ikusita, alarma piztuta jaitsi ginen. Zeharkaldia soilik tresnatu genuen soka finkoekin; 3. kanpamentutik gora batere sokarik gabe.

Hamar urte daramatzazu espedizioak egiten, eta dagoeneko 10 zortzimilako igo dituzu. Lehen amateur edo hasiberria zinen; egun, aldiz, profesionala. Nola aldatu den Edurne Pasaban!

Orain, jakina, beste Edurne bat naiz. Lehenengo aldian, Dhaulagiriko espedizioarekin, ez nuen batere eskarmenturik: ez genekien girora nola egokitu, zenbat egun pasatu altuerako kanpamentuetan... Izan dudan bilakaerarekin, egun, hori guztia erabat kontrolpean daukat. Duela hamar urte, non sartu ote ginen!

Zenbaki biribilez hitz egin dugu, 10 urte, 10 zortzimilako, baina benetako zenbaki biribila, zure erronka nagusia, 14a da. Gero eta gutxiago falta zaizu zerrenda hori amaitzeko. Hertsatuta sentitzen zara ala zeure buruari esaten diozu «ez dut batere presarik»?

Mundu osoak ondo baino hobeto dakienez, zerrenda horren atzetik nabil, baina, ziurtatzen dizut, ez nagoela itsututa; ez oso hertsatua, bederen. Bai Gerlinde-ren (Kaltenbrunner) bai Nives-en (Meroi) jarduerek ez naute hertsatzen; hor dago Gerlinde 11rekin eta orain Lhotsen. Ni neure erritmora joango naiz; nik jarriko dut erritmoa.

Kangchenjunga, Annapurna, Shisha Pangma eta Manaslu falta zaizkizu. Lehenbiziko biei erreparatzen badiegu...

Bai Kangchen bai Annapurna gogorrak baino gogorragoak dira. Kangchen, adibidez, lehenengo ekinaldian egitea oso zaila izango da. Zorte handia eduki behar duzu: K2, adibidez, nire lehenbiziko ekinaldian igo nuen. Shishan ere bi aldiz eta ezer ez, eta beste hainbeste Annapurnan. Jakin badakizun legez, faktore askok baldintzatzen dute igoera bat; Annapurnan, adibidez, aukera asko dituzu gailurrik gabe itzultzeko.

Espedizio guztietan mutil talde sendo batek inguratuta izan zara. Jakina, zu zara izarra, zerrenda horren bila doan emakumea zarelako. Haatik, hedabideak mutil horiek egiten duten lan eskergarekin ahaztu egiten dira.

Hori horrela da. Bada, irakurleak jakin dezan, nire ondoan daudenek egundoko lana egiten dute. Jakina, ez naute igotzen, ni nire kabuz igotzen naiz, baina duten merezimendua ez da askotan hedabideetan islatzen. Sherpen lana bezalakoa da, beraiek gabe ez genuke gailurrik lortuko.

Orain Alex (Txikon), Asier (Izagirre), Ferran (Latorre)... Dhaulan bezala, nire alboan dira eta, beraz, espedizioan ez da Edurne bakarrik. Oso pozik nago taldearekin. Ondoan behar ditut: Alexen alaitasuna, Asier anaia nagusia dut...

Kaltenbrunner aurretik duzu 11rekin. Behin baino gehiagotan aipatu izan duzu oso lagun onak zaretela. Lehenengoa nor izango den apusturik egin al duzue?

Gerlindek esan zidan ni izango nintzela lehenengoa, hari K2 falta zaiolako, besteak beste. Bakoitzak bere bidea hartu du eta bere erara egiten ari da zerrenda hau. Hori bai, esan dugu bukatzean espedizio bat elkarrekin egin behar dugula. Jakina, nik lehenengoa izan nahi nuke, baina hala ez balitz ez litzateke ezer pasatuko.

Bai austriarrak bai italiarrak hainbat zortzimilako era alpetarrean eta talde txikitan egin dituzte. Meroiren kasuan, gainera, joan den neguan Makalu igotzen saiatu zen. Horrek inbidiarik ematen al dizu, edo beste filosofia bat duzu?

Ziur asko izango da «Al filo de lo imposible» talde horretan sartu naizela, eta filosofia hori dudala. Gerlinde zein Nives beren senarrekin joaten dira espedizioetara eta, jakina denez, mendiak igotzeko beste ikuspuntu bat dute. Nik, adibidez, ez dut horrelako taldekiderik. Inbidiarik? Gerlinde Everesteko Norton bidetik saiatu zenean bai eman zidala. Ni Norton-era lauzpabost lagunekin joango nintzateke, talde filosofia horrekin. Gerlinde, gai horretan, asko miresten dut.

Eta udazkenean, Manaslura.

Beldur pixka bat badut, mendi horretan elur asko pilatzen baita. Montzoiaren osteko egoera zein izango den ez dut ezagutzen. Hori bai, erabat hauspotuta eta taldea sortzen ari naiz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo