GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak azaldu du ez dela Beasainen bilduko, baina hezkuntzarako iragarri asmoekin segituko duela

GARA |

Lakuako Hezkuntza Saileko arduradunak Beasaingo Institutuan biltzekoak ziren atzo arratsaldean Alkartasuna Lizeoaren etorkizunaz hitz egiteko. Sail honek dekretu bat argitaratzeko asmoa duela adierazi du. Hala, Alkartasunari DBH osoa kenduko liokete dekretuz, gainerako ikastetxe publikoekin uztartzeko. Haur Hezkuntzarekin eta Lehen Hezkuntzarekin gauza bera egitea ere proposatu du sailak.

Horri erantzuteko, Alkartasunako 500 familiek hitzordua paratua zuten ordu berean atarian elkarretaratzea egiteko, hezkuntza proiektuak, kokapenak eta funtzionamenduak bere horretan jarrai dezala aldarrikatzeko. Guraso batzuk bileran parte hartzekoak ziren.

Bi ordu lehenago, ordea, bilkura bertan behera utzi zuela jakinarazi zien Hezkuntza Sailak, eta honako arrazoia eman zuen erabakia azaltzeko: elkarretaratzeak ez zuen giro egokia sortzen bilerarako. Guraso Elkarte-koei jokabide desegokia iruditu zitzaien, eta «berebiziko errespetu falta».

250 familia inguru elkartu ziren institutuko atarian eta beren ezadostasuna adierazi zieten komunikabideei. Gainera, Eskola Kontseiluak orain arteko proiektuak bere horretan jarraitzea aho batez berretsi zuela azaldu zieten gurasoek kazetariei. Beren asmoa erabaki hori bileran jakinaraztea zen.

Baina Hezkuntza Sailak ez duela bilera egingo eta prozesuarekin aurrera jarraituko duela azaldu zien. «Bulegoetan daude eta ez dute Beasaingo errealitatea ezagutzen. Itsu-itsuan bide bat segitzen ari dira», salatu du Guraso Elkarteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo