ATSEDEN EGUNA
Simonik eta Riccok argi utzi dute oraindik asko falta dela Giroa amaitzeko
GARA | DONOSTIA
Gaur ekingo diete Giroan geratzen diren 146 txirrindulariek Italiako lasterketa nagusiaren azken txanpari. Bost etapa geratzen dira oraindik igandean Milanera iritsi aurretik. Tartean, mendiko bi etapa gogor eta azken eguneko erlojupekoa. Hasteko, 146 kilometroko etapa dute gaur ziklistek Sondrio eta Locarno artean. Gorabehera dezenteko ibilbidea izango da, etapa ehiztarientzat egokia, eta tropelak Suitzan barrena egingo ditu zenbait kilometro.
Aurrera begira, jada ostiral eta larunbateko mendian pentsatzen ari direnak italiarrak dira. Gilberto Simonik eta Riccardo Riccok argi azaldu zuten atzo Contadorri erasoak jotzeko prest daudela. «Ziur esan dezaket hau oraindik ez dela bukatu. Batzuek aukera guztiak galdu dituzte, baina ni oraindik hementxe nago», bota zuen Simonik, 2001eko eta 2003ko garaileak, adibidez.
«Oraindik Giroa irabazi dezakedala uste dut. Contador 40 segundora daukat eta alde hori murrizteko aukerak izango ditut. Mortirolo izan daiteke leku aproposa eta Simonirekin iristea ametsa litzateke. Bestela, larunbatean Monte Poran ahalegin guztiak egingo ditut. Eta orduan egin beharko dira kontuak», aurreratu zuen Ricco gazteak ere.
Belgikako Tourra
Baina Girotik kanpo ere badago bizitza. Izan ere, gaur hasiko da Belgikako Tourra. Bost etapa izango ditu eta Tom Boonen eta Stijn Devolder flandestarrak izango dira aurtengo bi izar nagusiak. Gainera, ibilbideak ere xarma berezia du; besteak beste, Huyko gain mitikoa igo beharko dute ostiraleko etapa gogorrean. Erlojupekoa, larunbatean.