GARA > Idatzia > Atletismoa

Euskal Selekzioaren Aldeko IX. Lasterketa

Kirola, eta euskal federazio nazionalen aldeko defentsa

Hainbat kirolarik ESAITen «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat» manifestua irakurriko dute

p038_f01_148x108.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Bilboko Kalderapeko euskal kultur gunean aurkeztu zuen atzo goizean Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak «Euskal Selekzioen Aldeko IX. Lasterketa». Ekitaldi berri hau igande honetan, ekainaren 1ean, ospatuko da, Bilboko Uribitarte pasealekuan eta, aurreko urteetan izandako partaidetza bertsua izango dela espero da, zahar eta gazte, gizon eta emakume, 1.200 bat korrikalari arituko dira.

Dena dela, atzoko aurkezpenak argi utzi zuen aurtengo lasterketak sekula baino aldarrikapen kutsu nabarmenagoa duela. ESAITeko Ritxi Mendiguren eta Egoitz Askasibarrek esan bezala, «aurten lehen aldiz euskal kirolariak beren jatorria dela-eta baztertuak izan baitira. Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko kirolariei beren izerdiaz irabazitako sariak ukatu zaizkie, Eusko Jaurlaritzak eginiko 16/2006 Dekretuak aginduta, EAEko lizentzia ez izateagatik. Legezkoa, baina legitimitaterik gabea eta etikoki alboratzekoa» iritzi zioten ESAITeko kideek dekretuari.

Ondorioz, «Euskal Selekzioaren Aldeko IX. Lasterketa bazterketa onartezin honi aurre egiteko eta salatzeko dinamikaren abiapuntu» izango dela adierazi zuten Mendigurenek eta Askasibarrek. Beraz, ohi baino beranduago ekingo zaion lasterketan «puntako kirolariek sinaturiko adierazpen bat irakurriko da». Bertan «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat» lelopean, besteak beste, «Euskal Herria zazpi lurraldek osaturiko nazioa dela eta 16/2006 Dekretuak eragiten duen kalteari aurre egiteko, Euskal Herri osorako egitura nazional baten beharra inoiz baino beharrezkoagoa dela» adieraziko da.

Izena eman dutenen artean Asier Cuevas, Orkatz Beitia, Cristina Petite, Estitxu Urrutia, Javi Conde, Virginia Berasategi, Jean Paul Oronoz daude besteak beste. Manifestuari atxikimendua adierazteko babesa@naziobatselekziobat.org helbide elektronikoa jarri dute abian.

Bi ibilbide eta Tunisiarako bidaia

Frogari dagokionez, bi ibilbide izango ditu: 14 urte artekoak 11.00etan hasiko dira Uribitarte pasealekutik aterata, eta 1.860 metroko ibilbidea izango dute. 15 urtetik gorakoek, 11.30ean dute irteera eta 6.500 metroko ibilbidea egin beharko dute.

Gazteenen izen ematea doakoa izango da. Helduek, aldiz, 7 euro ordaindu beharko dituzte -Euskadiko Kutxako 3035-0150-01-150.0.02085.3 kontu zenbakian-, ostirala baino lehen eginez gero eta 9 euro lasterketa egunean bertan.

ESAITek korrikalari orori bisera bana oparituko dio. Zortzi maila izango dira eta bakoitzeko hiru aurrenak sarituko dira. Azkenik bi pertsonentzat Tunisiarako bidaia bat zozketatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo