Toki handia hartzen zuen musika hark etxean
Konpaktuaren soinura egin zaigu belarria azken urteotan. Gazteenek, pauso bat harago, euskarri konprimitu- deskonprimitua dute gogokoena. Baina sorpresarik atseginena, halako formatu zaharretan sekulako disko onak ditugula ohartzea izan da. Garai bati lotutako musika eta soinu kalitate mota bat, ez hobea, ez txarragoa, beste garai batekoa baizik.
Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea
Zenbat musika kasete gordetzen dituzue etxean? Pilo bat, ziur aski. Batzuek CDa, DVDa eta MP3aren etorrerarekin etxeko fonoteka zaharberritu zuten beren gustuko kantuak formatu digitalean eskuratuz. Konpaktua merkaturatzen hasi zenean arrakasta handia lortu zuen, besteak beste, haien disko kutunenak binilo eta kasetean eduki arren, soinu eta formatu berrietan ere edukitzea aukeratu zuten musikazaleei esker. Soinu digitalaren zenbait maitalek ordura arte zituzten formatu zaharrak zakarrontzira botako zituzten. Beste batzuek, aldiz, urtez urte lortutako musika bere garaian erositako edo grabatutako formatuetan gordetzen dugu, ahaztutako kasete metak etxeko kutxa eta tiraderetan gordeta. Orain gutxi, ustekabean, zenbait lagunek bat egin dugu altxor horiek berreskuratzeko denbora-pasa berean. Azken urteotan ahantzita genituen kasete horiek berriz entzuteko gogoa etorri zaigu, eta ezusteko zoragarriak aurkitu ditugu horien artean. Lehenengoa, soinu kalitateari dagokiona. Konpaktuaren soinura egin zaigu belarria azken urteotan. Gazteenek, pauso bat harago, euskarri konprimitu-deskonprimitua dute gogokoena. Baina sorpresarik atseginena, halako formatu zaharretan sekulako disko onak ditugula ohartzea izan da. Garai bati lotutako musika eta soinu kalitate mota bat, ez hobea, ez txarragoa, beste garai batekoa baizik. Film zaharrak zuri-beltzean ikusten ohituta gauden bezala, duela zenbait urteko formatu horiek betiko atxikita geratuko zaizkigu musika mota bati, beti lotuko ditugu zenbait kantu soinu zaharkitu harekin. Abesti batzuek, inongo birmasterizaziorik gabe, kalitate duina mantentzen dute oraindik ere, nahiz kasetaren edo biniloaren soinu ilun hura izan.
Musika erreproduzitzeko tresnak ere aldatu dira gure etxe eta autoetan. Askok diskoak aditzeko platoa aspaldian bota zuten CD eta DVD erreproduktoreari lekua egiteko. Irratiak jada ez du tokirik egongelan, sukaldean akaso. Eta nekez faltako da ordenagailua, gaurko euskarri berriak aditzeko ezinbestekoa. Industriak erabaki du zer kantuk merezi duten bere soinua berritzeko prozesua egitea, merezimendu hori etekin komertzialei erreparatuta, jakina. Horri esker zenbait kantu zaharrek aro digitalera egin dute jauzia. Baina beste kantu asko hor geratu zaizkigu, kasete eta binilo zaharretan, aro berrietarako pasaporterik gabe, orain zaharra eta zakarra egiten zaigun soinu kalitatean. Belarrietan kotoia sartuta bagenu bezala.