GARA > Idatzia > Tenisa

Roland Garros remonte

Laugarren urtez segidan Parisen garaile izateko bideari sendo ekin dio Nadalek

A.S. | DONOSTIA

Azken hiru urteetako txapeldun Rafa Nadalek garaipenarekin ekin zion atzo aurtengo Roland Garrosi. Euriak bertan behera utzi zuen partida asteartean, markagailuak 1-1 erakusten zuenean, eta jokoan bederatzi minutu soilik eman zituztenean.

Manacorreko jokalaria indartsu kantxaratu zen atzo eta hiru setetan irabazi zion Thomaz Bellucci brasildarrari (7-5, 6-3 eta 6-1), 2 ordu eta 34 minutuz lehian egon ondoren. Horrenbestez, txapeldunak Parisen jokatuta poltsikoratu duen ondoz ondoko 22. garaipena izan zen. Are gehiago, 2005. urteko Valentziako Torneoko final-laurdenetan Igor Andreev-en aurka galdu zuenetik, Nadalek 109 partida irabazi eta soilik 2 galdu ditu hareazko pistan jokatuz.

Bellucci mendean hartuta, bigarren kanporaketan, Nicolas Devilder frantziarraren aurka jokatuko du Parisen.

Gainontzeko faboritoei dagokionez, Novak Djokovic-ek, Roland Garroseko hirugarren zerrendaburuak, Miguel Ángel López espainiarrari irabazi zion hiru setetan (6-1, 6-1 eta 6-3). Serbiarrak ez zuen arazorik izan norgehiagoka eskuratzeko, eta aurrera egingo du Nadalen gotorlekuan errege bihurtzen saiatzeko ahaleginean.

Sharapovaren komeriak

Emakumeetan, Maria Sharapovak, lehenengo faboritoak, Evgeniya Rodina mendean hartu zuen izugarri sufrituta (6-1, 3-6 eta 8-6); Ana Ivanovic-ek (2) Lucie Safarovari irabazi zion (6-1 eta 6-2); Serena Williams (5), ordea, Mathilde Johanssoni gailendu zitzaion (6-2 eta 7-5).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo