GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko XX. mendeko euskararen historia ezkutua, liburu batean

Bilboko Liburu Azokaren 38. edizioak atzo zabaldu zituen ateak, inaugurazio ekitaldi batekin. Aurkeztu zen lehenengo liburuak «Bertan Bilbo» du izenburua eta Bizkaiko hiriburuaren XX. mendeko euskaltzaletasunaren inguruko ibilbidearen berri ematen du.

p045_f01_152x136.jpg

K.A. | BILBO

Toti Martínez de Lezea idazlearen hitzekin inauguratu zen atzo goizean, Areatzan, Bilboko XXXVIII. Liburu Azoka. Bertan, udal agintariak, argitaratzaileak eta egileak batu ziren, txistularien soinu artean. Ekainaren 8-ra arte, hiriko zentrogune honetan 68 editore publiko eta pribatuek beren produktuak eskainiko dituzte, ohiko % 10eko deskontuarekin.

Inaugurazio ekitaldia ospatu baino lehen, Azokaren lehenengo liburu aurkezpena egin zen: «Bertan Bilbo» liburuarena, hain zuzen ere. Bilboko Udaleko Euskara Sailak argitaratua, Bizkaiko hiriburuan XX. mendean zehar euskararen inguruko gertaera garrantzitsuenak errepasatzen ditu lan honek. Egileak Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiak dira.

Euskara zinegotzi Ana de Castrok atzoko aurkezpenean esan zuenez, Bilbok «berezko pisua izan du betidanik euskararen bilakaeran, baina errealitate historiko hori ezkutuan mantendu izan da, liburuetan horren berri eman gabe. Hutsune hori estali nahian argitaratu da liburu hau».

Hiria euskarari bizkar emanda bizi dela dioten topiko guztiak alde batera utzita, Zuberogoitia anaiek joan den mendeko mugimendu euskaltzalearen testigantzak bildu dituzte. Liburu honek Bilbo euskararen biziraupenerako erabaki eta gertaera garrantzitsuen plaza izan dela azaleratzen du.

Liburua oso modu bitxian eginda dago. Bilboko garraiobideen bilakaera oinarri hartuta, Zuberogoitia anaiek Arana, Azkue eta Unamunoren arteko etsaitasun akademikoetan hasi eta Kafe Antzokiaren sorreraino luzatzen den ibilbidea osatu dute. «Bertan Bilbo» liburua irudi ugariz apainduta dago eta bertan euskararen XX. mendeko historia sozialean garrantzitsutzat jotzen diren zenbait gertakari gogora ekartzen dira, hala nola, 1957an San Nikolas elizaren lokaletan zabaldutako Euskal Herri osoko lehen ikastola, edo Euskaltzaindiak garai bertsuan Areatzako Kioskoan antolatu zituen lehenengo bertso-txapelketak.

Zuberogoitia anaiek azaldu zutenez, proiektu hau Xabier Gereñori «Jakin» aldizkarirako elkarrizketa bat egin eta gero sortu zen. «Berak kontatu zigun Bilbon gerra ostean ze giro zegoen, eta euskarak nola atera zuen burua garai zail hartan. Orduan konturatu ginen horri buruz ia ezer ez genekiela eta Bilboko historiaren zati handi bat ezkutuan zegoela». Ez zuten liburu akademiko bat egin nahi. «Kontakizun bat egin nahi genuen. Jendeak irakurriko zuena eta jendeari kontzientzia hartzeko balioko ziona». Horregatik, estetikoki «erakargarria» izan behar zuen, irudiz hornitua, «Bilbok hamarkadaz hamarkada zein bilakaera izan duen» erakusteko.

Gaurko Liburu Azokan, goizeko 11.30ean, Quim Monzo idazle kataluniarrak «Mil cretinos» izeneko bere azken ipuin liburua aurkeztuko du. Arratsaldean, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Urrutia liburuak sinatzen arituko dira.

BITXIA

«Bertan Bilbo» liburua oso modu bitxian idatzita dago. Bilboko garraiobideen bilakaera erabiltzen du metafora gisa, eta euskararen XX. mendeko historia sozialean garrantzia berezia duten zenbait gertakari ekartzen ditu gogora.

Fitxa

Titulua: `Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia'.

Egileak: Aitor eta Pedro Zuberogoitia.

Argitaletxea: Bilboko Udaleko Euskara Sailak.

Prezioa: 22 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo