The Tokyo Ballet, 40 urteko ibilbidea duen Japoniako dantza talde ospetsua, Baluarten
GARA | IRUÑEA
Nazioartean egin dituzten 21 itzulitan eskaini dituzten 630 ikuskizunekin, Japoniako dantza talde ospetsu eta esanguratsuena da The Tokyo Ballet. Munduko antzerki nagusiak ezagutu ondoren, emanaldi bakarra egingo dute Euskal Herrian, gaur gauean, Iruñeko Baluarten. 20.00etatik aurrera, Maurice Bejart XX. mendeko bigarren erdiko koreografo garrantzitsuenaren hiru lanek osatuta dagoen «Imágenes de Asia» ikuskizuna taularatuko dute.
Berrogei urteko ibilbidea duen talde hau Japoniako dantza konpainia esanguratsu eta aktiboena da. Bere zuzendaria den Tadatsugu Sasaki-ren helburu nagusia oinarri tekniko handia izango zuen talde bat sortzea izan zen, eta ekialdeko kultur sustraiak eta mendebaldeko errepertorioa antzezteko gaitasuna izango zuena. Euren herrialdean sartu zuten berrikuntzarik garrantzitsuena, hain zuzen ere, Europa eta Amerikako koreografo handiak gehitzea izan zen.
Gaur gauean Iruñean ikusi ahal izango den lanak bi zati ditu. Lehenengo atalean, «Bigaku» eta «Bhaktu III», Japoniako sustraiak dituzten bi lan ikusiko dira. Bigarren zatian, ordea, Indiako eragina duen «The Kabuki Suite» dantza egingo dute. Azken lan hau arrakasta handia jaso duen balleta da. Honetan, ekialdeko ipuin ezagunenetako baten bidez -47 samuraiena, zehazki- hango kulturako fintasun eta edertasun osoa jaso da. Hiru atal hauen bidez, The Tokyo Balletek erakutsi ahal izango du nola batu daitezkeen gaur egungo dantza eta tradizioa ikuskizun oso bat sortuz. Honen berri, 20 euroren truke, Baluarte Antzokian 20.00etatik aurrera.
Taldearen ibilbideari begirada azkar bat emanez, hasieratik ekialdeko eta mendebaldeko ikuskizunak landu ditu, bai antzinako tradizioaren parte zirenak eta baita gaur egungo koreografoenak ere. Maurice Bejarten nagusitasunaz gainera, Fokite, Petipa, Kylian eta Neumejeren lanak ere azpimarra daitezke.