GARA > Idatzia > Zinema

Rockumentalak!

Rock musika Zarautzen, zinemaren begiradak azalduta

«Rockumentalak!» izeneko ekimen berria jarri dute aurten abian Zarautzen, musika mundua ardatz duten lau dokumental eskainiko dituena. Zikloa gaurtik ekainaren 20ra bitarteko ostiraletan egingo da, eta filmak Modelo zineman izango dira ikusgai 22.15ean, 3 euroren truke. Gainera, bata musikan eta bestea zineman aditu diren bi pertsona arduratuko dira pelikulen aurkezpen txiki bat egiteaz. Gaur ikusiko den lehendabiziko dokumentala Julian Templeren «Joe Strummer:The Future is Unwritten» izango da, The Clash punk taldeko musikariari buruzko zinta. Ekainaren 6an, bigarren filma, David Leaf zuzendariaren «The U.S. Vs. John Lennon». Bertan, The Beatles taldeko partaidea AEBetako klase politikoaren etsai nagusi bihurtzearen arrazoiak aztertzen dira. Hurrengo ostiralean «Soul of a Man» emango dute. Lan horretan Wim Wendersek gustukoen dituen bluesmenen bizitzen errepasoa egiten du; Skip James, Blind Willie Jonson eta J.B. Lenoir musikarienak. Zikloa ekainaren 20an amaituko da Martin Scorseseren «The Last Waltz» lanarekin, The Band taldearen agur-kontzertua erakusten duena. Iñaki Zarata kazetaria, Jose Julio Park aktorea, Ion Gurrutxaga musikaria eta Telmo Esnal zinemagilea izango dira aurkezpenen arduradun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo