GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria

Sagrario Aleman, euskararen zerbitzari

Sagrarioren izendapenak erakusten du euskara maite, euskaran sinetsi, euskaraz bizi, euskara irakatsi, erein, zabaldu eta gizarteratzen etengabeko konpromisoa duen jendearen tokia ere badela Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak euskara batuaren aldeko apustua egin zuen garaiaren inguruan sortu ziren Nafarroan euskararen irakaskuntzarako bi proiektu garrantzitsu eta erabakigarri, biak gizartearen gose-egarriari erantzuna eman nahian; bata ikastolen hasiera eta bertzea helduen euskalduntze-alfabetatzearena. Azken honen zimentarria Nafarroako lehendabiziko euskaltzainaren izena daraman Arturo Campion euskaltegia izan zen.

Hogeita hamasei urte bete dira abian jarri zenetik, eta aipatzekoa da hasiera hartako oztopo ugari gaindituz eta orduz geroztik jarri zaizkion zailtasun frankori aurre eginez lortu duela amets itxaropentsu hura urtez urteko eta eguneroko lanari eta ilusioari esker errealitate bihurtzea. Biziki baloragarria, 36 urteko ibilbide honetan Arturo Campion euskaltegian hizkuntza ikastea lortu duen helduen kopurua eta, horretaz gain, euskaltegi honek, hainbat kanpaina eta ekitaldiren bitartez, Nafarroako hiriburuan euskaraz egiteko eta euskal giroa sortu eta biziarazteko izan duen etengabeko jarrera.

Horregatik, Campion euskaltegia aspaldiko erreferentzia puntu da Nafarroako euskalgintzan eta ezinbesteko erreferentzia azkeneko 26 urteetan bertako arduradun den Sagrario Aleman ere. Etxalekuarra gazte-gaztetik konprometitu zen euskararekin eta horretan dirau tinko, bidean aurkitu dituen oztopo eta zailtasunak behin eta berriz gaindituz, bere konpromisoaren helburu eta xede nagusiak begi bistatik inoiz ere baztertu gabe.

Sagrario gero eta gutxiago ikusten den kasta batekoa da. Ezbairik gabe, aukera anitz izan ditu, urte askotako ibilbide horretan, bere burua Nafarroako euskalgintzan hobeki eta seguruago «kokatzeko»: administrazioan, irakaskuntza arautuan, itzulpengintzan eta abarretan. Hala ere, seguru gaude uko egin diola hainbat deialditan eskaini diren lanpostu horietako bat eskuratzeko aukerari, bai eta egungo gizartean gero eta gehiago balioesten den prestigiodun curriculuma eta karrera profesional itxuratsua lortzeari. Herri mailako lan praktiko eta eragingarrian jarraitu du, gero eta konprometituago, euskara irakasten, euskal kultura suspertzen, hainbat bilera, batzorde, ekitaldi, jardunaldi eta gunetan aspertu gabe parte hartzen; euskararen zerbitzari beti.

Gaur egungo zenbait forotan balioesten ez diren ezaugarri eta meritu hauek izan ziren, bertzeak bertze, Euskaltzaindiak Sagrario euskaltzain izateko aintzat hartu zituenak, Akademiak ikerketa jardueraz gain bai baitu euskara zaintzeko eta sustatzeko Jagon izeneko saila ere. Izan ere, Sagrarioren izendapenak erakusten du euskara maite, euskaran sinetsi, euskaraz bizi, euskara irakatsi, erein, zabaldu eta gizarteratzen etengabeko konpromisoa duen jendearen tokia ere badela Euskaltzaindia. Hartuko duen toki (aulki) horren lekuko izanen gara datorren 31n, larunbatean, Etxalekura hurbiltzen garen guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo