Xabier Izaga Irakaslea
Nepalgo errepublika
Nepal, euskaldunok gure mendizaleen balentriei esker ezagun dugun herrialde urrun eta garai hura, Himalaiako zortzi milatik gorako mendiren bateko gailurra zapaltzen dutenean izaten da albiste Mendebaldean. Azken urteotan noizbehinka agertu izan da hedabideetan, esate baterako, 2006ko apirilean hango Armadak herritarren matxinadak su eta gar erreprimitu zituenean. Matxinada haien ondorioz, ordea, Gyanendra erregeak boterea Parlamentuari itzuli behar izan zion. Herrialde hura albiste -laburra- izan zen, halaber, aurtengo apirilean, gerrillari ohi maoistek Legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa lortu zutenean.
Eta egunotan ere tarte bat egin diote hedabideek herrialde hari, herenegun Nepalgo Asanblea Konstituzionalak monarkiari amaiera eman eta errepublika aldarrikatzea erabaki baitzuen, kide gehien-gehienen aldeko botoekin.
Kontuz gero, baina, paralelismo zaleok, 2001az geroztik (eta 1990 arte) hura ez zen-eta monarkia konstituzionala. Nepalen ez dirudi monarkiko asko dagoenik, baina hango monarkiak inoiz ez ditu Mendebaldeko estatuak kezkatu, ezta errepublikanoak ere. Eta nago horiek guztiek Nepal monarkia konstituzionalaren bidera itzulita nahiago luketela gobernuaren buruan gerrillari maoisten buruzagia izatea baino. Nolanahi ere, monarkia konstituzionala indarrean egon zen aldi laburrean herrialdean aurreko eta ondorengo miseria eta ustelkeria bera zegoenez, atera genezakeen ondorioa da monarkia konstituzionala herrialde aurreratuentzako aukera dela.
Nepalera demokrazia itzuli da baina, munduko herririk pobreenetakoa izaki, lanak izango dituzte justizia soziala zabaltzeko. Errepublikaren aldarrikapena hasierako urratsa baino ez baita. Mendebalde aurreratu honetan orban etikoa ikusten bide dute hango Legebiltzarrean orain aspaldi ez dela arte gerrillariak zirenak gehiengoa direlako, orain artean bakan batzuk aberastu eta gehienak miseria gorrian bizitzeak edo herritarren erdia analfabetoak izateak dilema etikorik eragiten ez bazien ere. Baina gerrillariak hautatu zituzten, jaun-andreok, eta gauzak ondo bidean, herrialde hartako antolaera pixka bat bidezkoagoa izango da. Halaxe opa diet, eta proiektu ororen muga bakarra herri borondatea izan dadila. Hemen ez bezala.