GARA > Idatzia > Euskal Herria

X. Alde Zaharreko Besta egingo da bihar Iruñean

Alde Zaharreko bizilagunek «auzoaren bizia» karrika eta plaza guztietara zabalduko dute bihar, Auzoaren Eguna X. aldiz ospatuz. Bertako bizilagunen elkarlana eta parte-hartzea nabarmenak badira ere, aurten inoiz baino gehiago garatu dituzte bi ezaugarriok; arrakasta segurua da.

p016_f02_097x076.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Alde Zaharraren Eguna ospatuko dute bihar Iruñean. Hamargarren aldiz egingo dute «auzoko bizitza kalera eta plazara ateratzeko helburuarekin» bizilagunek antolatzen duten besta hau. «Alde Zaharra: Bizitoki bizia» izan da auzotarrek aspalditik zabaldu duten mezua, eta horixe erakutsiko dute bihar.

Auzo honetan elkartegintza mugimendu garrantzitsua dago, bertan biltzen baitira Iruñeko elkarte eta kolektibo gehienak, gisa guztietakoak. Hain auzo bizia izanik, besta honen prestaketan ere nabarmen geratu da izaera hori; 23 kolektibo eta elkarte bildu dira guztien artean karrika eta plaza guztiak beteko dituzten ekitaldiak antolatzeko. Besta prestatzeko prozesua bera parte-hartzailea eta irekia izan da, egin diren bilera ugarietan auzotarrek zehaztu baitute nolako bestak nahi dituzten. Jardunaldiak antolatu dira ekarpenak jaso eta iritzi ezberdinak trukatzeko. Txantrea eta Sanduzelai auzoetako kideak ere gonbidatu dituzte beren esperientziaren berri izateko. Prozesu horren emaitzekin kontent agertu ziren atzo Alde Zaharreko Jai Batzordeko ordezkariak: Auzo osoko besta izatea, adin guztietarako ekitaldiak antolatzea eta euskal kultura kalera ateratzea dira auzotarrek eskatutakoak. Guztiei eskerrak eman zizkieten parte hartzeagatik. Ekarpenak egin nahi dituenak, sanfermintxikito@aldezaharra.org helbidean egin ditzakeela adierazi zuten.

San Jose plazatik Baratxurien plazaraino, eta Gaztelu plazatik Descalzos kaleraino, txoko guztiak hartuko ditu bestak: Santo Domingo Merkatuan «Bolilloen xerra topaketak», Euskal Eskolaren Jinkana, Aldezar-ek antolatutako tailerrak, Erraldoien Konpartsa, fanfarre eta dantza taldeak, trikitilari eta pandero jotzaileak, San Frantzisko plazan kaldereteak... egun osoan izango da parte hartuz gozatzeko aukera. Berrikuntzak aipatzekotan, Nafarroako museoan antzeztutako bisitaldi bat ere bada, «Oskariz'tar Katalina: XVI.mendeko Alde Zaharreko margolaria» ezagutzera emanez.

Bestetik, 11.00etan Komunitate Planaren egoitzan (Eslava kalea, 11) «Miradas de Payos, gitanos e inmigrantes» izeneko dokumentala eskainiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo