Buruz Buruko Txapelketa
Barriola: «Irabazi edo galdu, atzerapena ez da aitzakia»
Leitzarrak Gonzalez ongi ikusten duela aipatu zuen aukeraketan: «Pilota errebotean erraz sartu du».
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Sebas Gonzalez eta Abel Barriola prest dira astebeteko atzerapenarekin Buruz Buruko Txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatzeko. Azkaindarraren lesioak baldintzatu du norgehiagoka eta atzoko material aukeraketan ere, horixe izan zen hizketa gai nagusia. Lapurtarraren iritziak ezagutzen genituen asteleheneko eta asteazkeneko entrenamendu saioen ostean eginiko adierazpenei esker, baina Barriolaren hitzak entzuteko ikusmina bazegoen.
«Egia esatea nahi baduzu, zain egotea ez da inoiz gustukoa izaten, batez ere Buruz Buruko Txapelketan, urteko lehiaketa garrantzitsuenean. Baina era berean argi daukat, bai pilotari moduan eta, zergatik ez, baita pilotazale moduan ere, maila honetako finalerdi bat jokatu egin behar dela. Azkenean aste bat lehenago edo beranduago jokatzea ez doa inora. Nire aldetik behintzat, irabazi edo galdu, atzerapena ez da aitzakia izango», argitu zuen Abelek beti bezain jator eta abegitsu.
Alde horretatik, Gonzalezek burua igandeko deman erabat jarrita daukala aitortu zuen, nahiz eta bere egoera fisikoaz hitz egin: «Egunetik egunera hobeto nago eta igandea iristeko falta den denbora tartean ehuneko ehunera jartzea espero dut. Lesioaren alderik txarrena hamar egunean geldi egon beharra izan da, entrenamendu fisiko onik egin gabe». Lesioa berritzeko arriskuaz, sendagileak nahiko baikor direla baieztatu zuen: «Bendaje berri bat egingo omen didate eta horrekin ongi eutsiko omen diot».
Goizeko beste gai nagusia, pilotarien artean ezkerti bat dagoen guztietan bezala, Gonzalez bere lekutik ateratzeko balizko teknikak izan ziren. Barriolak ez zion garrantzia handiegirik eman nahi izan eta betiko jokoa egiten saiatuko dela esan zuen: «Ezkertien aurka jokatzea beti da zailagoa. Kokapena ezberdina izaten da eta boleak efektu ezberdina hartzen du. Gonzálezena oso arriskutsua da. Nik botera jokatuko dut eta Gonzálezi airea kentzen saiatuko naiz».
Cipriren erreinua
Barriolak zein Gonzalezek ohi bezala Cipriko etxeko pilotak hautatu zituzten saskitik. Lau pilotak oso antzekoak dira pisuari dagokionez -104 (2), 104,2 eta 105 gramo- eta Abelenak zertxobait bizixeagoak, gehiago irteten direnak.
Ez du garrantzi berezirik, baina kuriosoa da Buruz Buruko finalaurreko batean Cipriko lau pilota aukeratu izana. Azkenaldian, Punpa da nagusi ia jaialdi profesional guztietan, eta gero eta gutxiago dira Cipriren alde egiten dutenak. Halere, Irujo, Barriola edo Gonzalezek, esaterako, nahiago dituzte oraindik Cipri etxeko pilotak.