GARA > Idatzia > Euskal Herria

Andoaingo Udalak atxiloketen aurrean izandako jarrera gogor deitoratu dute

Andoaingo Udalak ez du deus esan Joxean Barandiaranen eta Ainhoa Ozaetaren espetxeratzeen aurrean. Atzo beren senideak bertaratu eta konpromisoak eskatu nahi zituzten, baina ez zieten hitzik eman.

p014_f01_111x111.jpg

GARA |

Joxean Barandiaran eta Ainhoa Ozaeta andoaindarrak -alkate eta zinegotzi ohiak- atxilotu zituztenetik astebete pasatxo igaro denean, gertakari hauen aurrean «isilik» egon den Udalera bertaratu ziren atzo beren senide eta bizilagunak. Azken egunetan sufritu duten egoeraren berri eman nahi zuten udalbatzan eta «ardura politiko eta duintasunez jokatzeko» eskatu nahi zieten alderdiei; azken batean, gertakari horien aurrean iritzia ager zezaten nahi zuten andoaindarrek.

Alabaina, Barandiaranen alaba hitza hartzera zihoanean José Antoni Pérez Gabarain alkateak hitza ukatu zion «demokraziaren izenean», beste alderdiak mutu gelditu zirelarik.

Gogor salatu zuten herritarrek udalbatzan gertatutakoa, baita bi andoaindarren atxiloketen ostean horren harira udalbatza berezia deitu ez izana.

Ozaeta eta Barandiaran Poliziak atzeman ostean inkomunikaturik zeuden bitartean, gainera, beren senideak hainbat alderdirekin biltzen ahalegindu zirela adierazi zuten, baina horiek bizkarra eman eta erantzunik eman ez izana deitoratu zuten atzo udalbatzan bildutako lagunek.

Andoaingo Udalak Ozaetaren eta Barandiaranen senideen ahotsa «entzun nahi ez izatea», «larria eta lotsagarria» dela uste dute. Horien aburuz, andoaindar ororen eskubideak defendatu beharko lituzke erakunde honek eta oraingoan, eskubide horiek «zapaldu» dituztela salatu zuten.

Herritarrak izateaz gain, bai Barandiaran, bai eta Ozaeta ere udalean zein herrigintzan lan handia egindakoak direla gogorarazi nahi izan zuten senideek; urteetan «bestelako Andoain berri bat eraikitzen» aritu direla nabarmendu zuten.

Horrexegatik gainera, askotan «jopuntuan jarri» dituztela esan zuten eta horren erakusgarri Barandiaranek pairatutako epaiketa eta inhabilitazioak ekarri zituzten gogora.

Isiltasuna

Kongresu espainolean «Guardia Zibilaren aldeko adierazpenak» sinatzen dituzten alderdiek, ondoren, Gasteizko Parlamentuan torturaren aurkako adierazpenak sinatzen dituztela gogorarazi zuten atzo andoaindarrek. Bi herritarren, alkate ohi eta zinegotzi ohi baten atxiloketa, inkomunikazioa, tortura arriskuaren eta espetxeratzearen aurrean ostera, «isilik» gelditu izana gogor deitoratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo