«Leturiaren egunkari ezkutua» liburuaren hausnarketa kritikoa kaleratu du Euskaltzaindiak
Txillardegik 1957an idatzi zuen «Leturiaren egunkari ezkutua», «arazo ugari ziren» garaian. Liburua euskal narratiban mugarri bat izan da eta hori dela-eta kaleratu du akademiak lanaren azterketa moduko hau.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Euskaltzaindiak orain egun gutxi adierazi bezala bere agerkari ofiziala, «Euskera», urtean hirutan kaleratuko du. Etapa berri honetako lehen zenbakia, gainera, kalean da dagoeneko: «Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan» liburuan.
Izenburuak berak argitzen duen moduan, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»k, 1957. urtean kaleratutako «Leturiaren egunkari ezkutua» liburua du oinarri Euskaltzaindiaren lanak. Hau da, «idazlanak ekarri zuen berriztapena eta gizartean izan zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa» egin du akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak, akademiako buru Andres Urrutiak aurkezpenean esan zuenez. «Haren zenbait alderdi jakin» ere aztertu dituzte, gainera.
Txillardegiren nobelaren garrantzia eta transzendentzia finkatze aldera lana kaleratzeko ardura izan duen biltzarrak hiru ildo nagusi finkatu zituen: eleberriaren aurreko euskal eleberrigintza, testuingurua eta eraginak, eta liburuaren ukitu gabeko zenbait alderdi. Horiek horrela, «Euskera» berrituaren lehen zenbaki honetan, besteak beste, Jean Haritschelharren, Ana Toledoren, Ur Apalategiren, Jon Kortazarren, Javier Rojoren, Iñaki Aldekoaren, Patri Urkizuren eta Karlos Otegiren artikuluak bildu dituzte.
Donostian orain egun batzuk egindako aurkezpenean Andres Urrutiarekin batera, Euskaltzaindiko hainbat kide eta lagun bildu zen, horien artean Jean Haritschelhar, bai eta Txillardegi bera ere. Idazleak liburua irakurri ostean «lan bikaina» zela esan zuen, «garai hartako arazoak ageri dira. Iturri oparo eta fidagarria da», gaineratu zuen.
Izan ere, Txillardegik lana egiteko osatutako biltzarraren bilera bakarrera joan zela aitortu zuen. «Azkenekora bakarrik joan nintzen, joateak lotsa ematen zidan-eta. Nik oso argi dut zein den nire ekarpena euskal literaturan eta ez da, adibidez, Atxaga batena bezalakoa», agertu zuen.
Mitxelena, Irigaray eta Arrue
«Gerra bukatzean gauza berriak hasi ziren agertzen Mexikon, Guatemalan... ahal zen tokian eta moduan. Eta horretan zeresan handia izan zuten Koldo Mitxelenak, Angel Irigarayk eta askotan aipatzen ez den Antonio Arruek. Bidea ireki zuten», esan zuen.
Arrue «karlista eta euskaltzalearen» inguruko anekdota ere eskaini zuen Txillardegik: «Ezkondu nintzenean Arruek opari bat egin zidan, `Moby Dick' nobela, hau Arrue frankista eta nahi den guztia izanda ere -ni ordurako nahikoa «koloretsua» nintzen-».
«Leturiaren egunkari ezkutua» eleberriaren 50. urteurrena dela-eta kaleratu du Euskaltzaindiak lana, horrela, gainera, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» ere omendu nahi izan du akademiak.