Liburu azokak, kultur fenomeno garrantzitsua
Atzo Bilboko Liburu Azokaren 38. edizioari hasiera eman zioten. Bertan 68 editore ari dira parte hartzen, ekainaren 8ra arte beren eskaintza erakusgai dutela. Egunotan idazle entzutetsuak izango dira bertan, hala nola, Jorge Edwars txiletarra, zilarrezko luma jasoko duena, eta Quim Monzó, bere azken ipuin-liburua aurkeztuko duena; asteartean, berriz, Henrike Knörr euskaltzain zendu berria omenduko dute. Eta Bilbotik Iruñera eginda, gaur zabalduko ditu ateak bertako Liburu Azokak, horrek ere ekainaren 8ra arte. Urte bukaeran begirada guztiak Durangoko Azokak erakartzen baditu ere, urtero Euskal Herri osoan zehar hamaika liburu azoka bisitatzeko aukera egoten da, denak arrakasta handikoak.
Denetariko iritziak entzuten dira liburu azoken gainean; esate baterako, literatura eta, oro har, kultura merkatuaren legeen mende egoteaz, euskarazko eta erdarazko liburuek izan behar duten tarteaz, zer-nolako produktuak eskaini behar dituzten azokek... Eta kontuan hartzekoak dira iritziok, zalantzarik gabe. Hala ere, azoka horiek duten arrakasta euskal herritarren harrerak ematen die, eta ikuspuntu horretatik begiratuta, kulturarekiko interes handiaren erakusle dira. Beharrezkoa da kritika, beharrezkoa hausnarketa eta helburuak argitzeko ahaleginak, baina ukaezina da liburu azokak herri honetan garrantzi handiko kultur fenomenoa direla.