LASTERKETA
Euskadi Fundazioak bultzatuta jokatuko dute Bizkaiko Bira
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Zalantzak egon badira ere, aurten ere antolatuko dute Bizkaiko Bira. Atzo, Bilbon egindako prentsa agerraldi batean, probako hiru sustatzaile nagusietako arduradunek -Euskadi Fundazioa, Naturgas eta El Correo- baieztatu zutenez, lasterketa uztailaren 3tik 6ra bitartean egingo da eta 18 taldek parte hartuko dute.
Bizkaiko Biraren hogeita zortzigarren edizio horretan izango diren txirrindulari guztiak 23 urtetik beherakoak dira. Lehen etapak Sopelan izango du hasiera eta helmuga; bigarrenak Gordexolan; hirugarrenak Mungian eta azkenak Bilbon. Parte hartuko duten taldeei dagokienez, Euskal Herriko hamaika izango dira -Azpiru, Bidelan-Kirolgi, Café Baqué, Caja Rural, Debabarrena, Lizarte, Naturgas Energía, Opel Ibaigane, Suminan-Soplad eta Telcom Aldabea- eta atzerriko beste zazpi -Camargo, Cantabria Infinita, Comunidad Valenciana, Saunier Duval, Super Froiz, La Pomme de Marseille eta Unidelta-.
Euskadi Fundazioko burua, Miguel Madariaga, izan zen agerraldiko protagonista nagusia. Haren esanetan, «guk ezin genuen Bira desagertzen utzi eta horretarako, kaleko hizkeran esaten den moduan, enpresa batzuk «liatu» behar izan ditut».
Oraingoz, lasterketa urte bakar baterako ziurtatu dute Euskadi Fundazioak eta Naturgasek baina, bai Madariagak, bai beste enpresa horretako Negozio saileko arduradun Enrique Palominok azpimarratu zutenez, «prest gaude» hurrengo urteetarako babesa aztertzeko.
Beste proba bat Araban
Bestalde, Miguel Madariagak berak jakinarazi zuenez, Euskadi Fundazioak eta Naturgasek lasterketa bat abiarazi nahi dute Araban. Lemoiztarrak nabarmendu zuenez, «itzuli bat ez da posible izango, baina bai hiru egunetako lasterketa bat, edota egun bakarreko klasiko handi bat». Formatua erabakitzeko dagoen arren, proba hau datorren urtetik aurrera lehiatuko litzateke.