Iurreta Emakumeen Bira
Urteko hitzordua zain daukate munduko txirrindulari onenek
GARAk babestuta, Euskal Herriko errepideak zeharkatuko ditu Iurreta Emakumeen Biraren 21. edizioak ekainaren 12tik 15era
Amaia U. LASAGABASTER | IURRETA
Poza, esker ona eta harrotasuna ere bai. Horiek izan ziren atzo gauzatutako Iurreta Emakumeen Biraren aurkezpenean nagusitu ziren sentimenduak.
Ez da gutxiagorako, Euskal Herriko errepideak 21. aldiz zeharkatuko baititu, datorren ekainaren 12tik 15era, goi mailako txirrindularitzak duen hitzordurik garrantzitsuenetarikoa. Ulergarria, beraz, zaleak poz-pozik egotea, horrelako ikuskizunaz disfrutatzeko aukera eskaintzeagatik; baita antolatzaileak ere, ez baitago edonoren esku halakorik gauzatzea. Horregatik, esker ona ere agerian geratu zen, alde guztietatik, gainera: Iurreta Txirrindulari Elkartearentzat oso zaila izango litzateke halako neurriko lasterketa antolatzea babesleen laguntzarik gabe -besteak beste, GARA, probaren egunkari ofiziala, aurten ere-; baina babesleek ere ez daukate halako lehiaketa batean parte hartzeko sobera aukerarik, izan ere, emakumezkoen kirolak bide luzea du, artean, betetzeko, eta, hala ere, Emakumeen Bira nazioarteko egutegiko punta-puntakoen bat da. Horregatik, nolabaiteko harrotasunik ere ezin da falta. Kristina Mardarasek esan zuen bezala, «Euskal Herrian gauza asko egin dira, eta egingo dira, auzolanean. Elkarrekin lan egitean, ezinezkoa dirudiena, oso zaila dirudiena, posible da. Eta hauxe izan liteke eredu bat, lasterketa aurrera ateratzeko jende askok lan egiten baitu eta den- denek -gogorarazi zuen-, borondatez egiten dute».
Eta antolatzaile profesionalek, egia esateko, zaila izango lukete halako emaitza lortzea, aurreko hogei edizioetan argi ikusi denez, eta 21.ak eskain dezakeenari helduz. Ibilbideak eta parte hartzeak, behintzat, sekulako ikuskizunarekin disfrutatzeko aukera sortuko dute.
Parte hartzaileei dagokienez, iazko irabazlearena, Susanne Ljungskogena, izango litzateke hutsune bakarra. Euskal Herriko errepideetan arituko da, berriz, Fabiana Luperini, Jeannie Longorekin batera munduko sari bildumarik onena duen txirrindularia. Faboritotzat har daiteke italiarra, baina parte hartzaileen zerrenda ikusita, argi dago ez duela erraza izango 2006ko hartan bezala garaipena lortzea.
Haren arerio nagusien artean Marta Bastianelli Munduko txapelduna egongo litzateke; Mariane Voos Munduko txapeldunordea; Giroa, Bira eta beste hainbeste lasterketa irabazi dituen Edita Pucinskaite; erlojupeko Munduko txapelduna Hanha Kupfernagel; Giroa ere irabazi duen Nicole Brändli; Munduko txapeldun ohia, Regina Schleicher; eta iaz Route de Francen nagusitu zen Amber Neben ere bai.
Euskaldunei dagokienez, Bizkaia -Durango eta Debabarrena- eta Kirolgi -biak UCIkoak- beren txirrindulari onenekin arituko dira (Ana Belen García, Josune Murillo, Maria Gallastegi, Saioa Olite eta Nekane Lasa, besteak beste). Horiekin batera, etorkizun oparoa izan dezaketen neskez beteta dagoen Tolosak ere parte hartuko du.
Guztira 18 talde izango dira: bost italiar, hiru euskal herritar, hiru holandar, hiru alemaniar, bi espainiar, Suitzako bat eta Frantziako beste bat. Guztira 108 txirrindulari, ekainaren 12tik 15era, lasterketa irabazi dutenen zerrenda distiratsuan beren izena gehitzeko lehiatuko direnak.
Ibilbide gogorra
Aurten ere, benetan ona izan beharko du irabazleak, ibilbidea ikusleentzat polita eta txirrindularientzat gogorra baita.
Lehen etapa Iurretatik Goiurira abiatuko da: mendi ertaineko bidea da, 76 kilometrokoa, eta lehen galbahea izan daiteke. Bigarrena, 84 kilometrokoa, Arrigorriagan hasi eta amaituko da, eta bertan emakume trebeenek izango dute aukera, azken kilometroak zail samarrak dira-eta.
Faboritoek aukera ona izango dute hirugarren etapan. Batez ere, goizez Urduñan lehiatuko den 13'6 kilometroko erlojupekoan. Arratsaldean, berriz, esprinterren txanda helduko da, Urduña eta Iurretaren arteko 82 kilometroetan.
Aurretik erabakita ez badago, txirrindulari indartsuenek beren onena eman beharko dute azken etapan, etapa nagusian. Eibarren hasi eta amaituko da eta, 98 kilometrotan, parte hartzaileek San Migel eta Asentzio mendateak igo beharko dituzte.
Eta informazio oso-osoa, beste behin ere lasterketaren egunkari ofiziala izango den GARAn.