GARA > Idatzia > Gaurkoa

Itziar Aizpurua Egaña(*) ezker abertzaleko militantea

Txabi Etxebarrieta, 40 urte eta gero herriaren memorian

Txabi maitea! Berrogei urte betetzen dira bihar umezurtzen antzera geratu ginen egun hartatik. Ahaztu ezineko 1968ko ekainaren 7 hartan Guardia Zibilak Tolosako Benta Handin harrapatu eta zure gorputz berezi hura kolpez josi ondoren tiroz erail zintuen egun hartatik. Ordudanik, zure presentziarik gabeko berrogei urte eta milaka egun joan zaizkigu...

Euskal Herriko kaleetan, ikasleen artean, lantegietan, hainbat etxe eta batzarretan eta, oro har, orduan gazte ziren eta gaur hirurogeitik gora dituzten begiek berrogei urte bete dituzte zu ikusi gabe, Txabi maitea.

Pauso luzea zuen eta zarpail itxurako gizon gaztearen azpian, sentsibilitate handiko eta irribarre goxodun pertsona zinen. Dena zen sinplea eta erraza zuretzat, eta hala agertzen zinen beti guztion aurrean, umil. Hala ere, denengana hurbiltzeko gaitasunak ezin izan zuen ezkutatu bor-bor azaltzen zitzaizun berezko handitasuna, inork eta ezerk ilundu ezin izan zuena orduan, ez eta urte hauetan guztietan ere.

Maisua eta aldi berean ikaslea zinen. Iraultza buruan eta maitasuna bihotzean. Izan ere, besterik ez da behar herrien askatasuna lortzeko. Irakurri, idatzi, pentsatu eta hitz egin. Bukatu gabeko solasaldiak zenituen gustuko. Kubako iraultza, Aljeriakoa, Vietnamgoa, Txinakoa eta hainbat herrialdetako teoria iraultzailea xurgatuz, zure anaia Jose Antoniorengandik jasotako ikasgaiekin eta beste kideekin batera landu zenuten aurrera begirako estrategia politiko eta militarra.

ETAk 1966ko abenduan eta 1967ko martxoan osatutako V. Biltzar Nagusiko bi zatietan, bertako lehendakari izendatu zintuzten kideek. Zurea da, «Euskal Herri Langilea» edo «Pueblo Trabajador Vasco» esamoldeen ekarpena. Ukaezina zen buruzagitzarako zenuen gaitasuna!

Zure ekarpenen balioak gaurkotasun osoa du, berrogei urte geroago ere, oraindik orain aurrera daramagun borrokan, independentzia eta sozialismoa helburu ditugularik.

Altxor bikaina utzi zenigun politika eta ideologia mailan ez ezik, literaturan eta poemagintzan ere. 23 urte zenituen erail zintuztenean, baina hain gazte izanik ere erabateko iraultzailea zinen, eta horrela onartzen du Euskal Herriak bere askatasun bidearen historian.

Txabi maitea, kide eta lagun zenuen Jokin Gorostidi, potxolo, duela bi urte joan zitzaigun, PSOEk darabilen GAL juridikoaren ondorioz. Ez zintuen inoiz ahaztu. Maite zintuen. Adin berekoak zineten, eta hiru asteko aldea besterik ez zenuten. Polizia atzetik zenutenean, isilpeko lanera, klandestinitatera ere une berean sartu behar izan zenuten. Elkarrekin egin zenuten lan Gipuzkoan. Eta hil zintuzten egunean elkarrengana zindoazten. San Martin Loinazko monumentuan zenuten hitzordua 1968ko ekainaren 7 hartan. Donostiatik Beasainerako bidean zinen eta Jokin Eibartik toki berera zihoan. Biok zenuten irribarre ezti eta intentzioduna, halaxe esango nuke, eta batez ere, berezko on aurpegia. Laguna sekula santan salduko ez duten horien jitea sakonetik azaleratzen zitzaizuen aurpegian. Biak zeundeten maitemindurik. Zuk ez zenuen inoiz Isabel ahaztuko, ezta Jokinek bere Itziar ere.

Ordutik hona, Txabi, lagun eta kide askok eman dute onena, dena, bizitza bera ere, egunen batean Euskal Herria bera eta ez beste ezer izan dadin.

Txabi, duela 29 urte zuri Benta Handin egindako omenaldian Jokinek esandakoak dakartzat gaur hona, omenaldi beroena delakoan, zuretzat eta gainerako gudarientzat. Honakoak dira: «Txabik eta Euskal Herri osoak, desio zuen eta desio du egun bakea. Hargatik egiten zuen borroka. Baina ez bake faltsu bategatik, ez esplotazio kapitalista eta Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala bere horretan iraunaraziko dituen bakearengatik. Ez dago bake abstrakturik. Bakeak, justizia eta askatasuna izan behar ditu oinarri.

Bakeaz mintzatzea, atzoko egoeran, egungo egoeran, hipokrisia hutsa da, gure herriari ez baitzaizkio onartzen gutxieneko askatasunak ere; ez baitigute uzten gure gudariei omenaldi duinak egiten; frankismo garaiko Polizia bera baitaukagu; benetako amnistiarik ez baitugu izan; egunez egun gehituz baitoaz atxilotu, preso eta erbesteratuak; Euskal Herriarentzat independentzia eta sozialismoa estatutuetan helburutzat jartzen dituzten alderdiak legez kanpokoak izatera kondenatzen baitituzte; ezker abertzaleari eta herriko sektore kontsekuenteenei manifestazio eskubidea ukatzen baitzaie, bai eta adierazpen eta biltze-eskubideak ere; Nafarroa gainerako Hego Euskal Herriko hiru probintzietatik bereizten saiatzen baitira; UCDren gobernuak bitarteko guztiak baliatzen baititu herriak ezezko biribila eman dion Konstituzioa Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroari inposatzeko.

Txabi, bete-betean zerbitzatu eta maitatu zenuen Euskal Herri langile honek ez zaitu berehalakoan ahaztuko, ez eta Euskal Herriaren alde bizia eman duten beste hainbeste gudari ere. Izan ere, 150 urte badira haien odolak Euskal Herri osoa zeharkatzen duela, iparraldetik hegoaldera. Odol horrek kimuetatik emakume eta gizon berriak ernatzen zaizkion landarearen hazia dirudi; Euskal Herri libre, sozialista, bateratu eta euskalduna errealitate egiteko prest dauden gizon-emakumeak».

Esan beharra dizut, Txabi, orduko UCDren tokia gaur PSOEk hartu duela, eta gainerakoa Jokinek orduan aipatutako guztiaren kalko edo kopia da, EAJ-PNVren ezinbesteko laguntzarekin, Euskal Herria bera ukatzeraino iritsi arte. Ildo politiko berean lerrokatuak dira PSOE eta PNV, biak. Hain da bortitza eta krudela euskal herritar kontsekuenteenek bizi duguna, Franco bizi zen garaiak ere txiki geratzen ari direla.

Duela 29 urte EAJ-PNVk Nafarroa saldu zuen Baskongadetako Estatutua UCD, PSOE, eta EErekin adostuz. Ordutik hona, ezker abertzalea duen guztia ematen ari da Euskal Herria errealitatea izan dadin, subjektu izan dadin, eta bere etorkizunaren jabe lurralde eremu osoan.

Norabide horretan osatu dugu Marko Demokratikorako Proposamena: Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako Autonomia, erabakitzeko eskubideaz osatua, eta eskubide hori bera ardatz izango duen Autonomia Politikoa Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; hau da gaur egun ezinbesteko ekimena eragile politiko, sozial eta sindikalentzat. Era berean, instituzio nazionalak sortu eta garatu beharko dira euskal herritarren eskubide guztiak bermatzeko, benetako aldaketa politikoa nahi badugu behintzat.

1979an euskal herritarroi PNVk, PSOEk eta enparauek ondorio handiko iruzurra egin baziguten, orain, euskal herritarron gehiengoak sakoneko aldaketa politikoa beharrezko eta ezinbesteko jotzen dugunean, ezin dugu onartu Nafarroa beste hiru herrialdeekin batera subjektu izango ez den iruzurrik. Orduan aldarrikatzen genuen bezala, Nafarroarik gabe ez baitago Euskal Herririk!

40 urte igaro dira hil zintuztenetik baina, tamalez ez zinen azkena izan. Gure herria zatitu eta ukatzen duen marko autonomiko honetan, izugarria izan da Espainiako Estatuak euskal independentismoa desagerrarazteko ahaleginean erabili duen indarkeria: 319 izan dira azken 30 urteetan gatazka eta errepresio politikoaren ondorioz hil dituzten euskal herritarrak; gerra zikinak 72 euskal herritar hil ditu, espetxean 22 hil dira, torturatuta zazpi, 35.164 pertsona baino gehiago izan dira atxilotutakoak, 7.070 pertsona baino gehiago izan dira torturatutakoak, eta 4.000 preso politiko baino gehiago izan dira gatibu urte hauetan guztietan... Zenbaki lazgarriak dira, baina PNVrentzat ez da oraindik Espainiako Estatua bere lekuan jartzeko ordua iritsi, eta are okerragoa dena, estatu indarkeria hau ikusezin bihurtzeko PSOEren asmoarekin bat egin dute bete-betean jeltzaleek. Zizurkilen ikusi dugu, baita Hernanin ere, atzo bertan.

Herri honek, ordea, badaki lanaren eta borrokaren bidez nolako ekarpen eskerga egin diozuen askatasunaren bideari, eta hori ezingo du inongo lege, epai edota moziok eragotzi. Herri honen oroimenean eta bihotzean bizi-bizirik jarraitzen duzue. Zuen borrokari esker, gure asaben orubetik eraikiko dugu askatasuna herri honetan.

Har ezazue, Txabik eta gudari guztiek musu goxo batez Jokinen eta bion maitasuna.

(*) Jokin Gorostidiren laguntzaz idatzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo