Ekaineko ostiraletan zehar, umorea nagusi Zigoitiako Pertsonabakarreko Jaialdian
GARA | GASTEIZ
Hirugarren urtez, Zigoitiako Ondategi aretoak hainbat antzezlan aurkeztuko ditu Pertsonabakarreko Jaialdian. Ekaineko ostiral bakoitzean lan desberdin bat ikusteko aukera izango da. Ekimena Eugenia Manzanera antzezleak irekiko du gaur arratsaldean bi lan desberdinekin. 18.00etatik aurrera umeei zuzendutako «Menu de Cuento» ikusi ahal izango da eta, Manzanerak ohartarazi duenez, belarriak garbi eta entzuteko grinaz joan behar da antzokira, «jatetxe batera gosez joaten zaren bezala». Antzezle honen bigarren proposamena, «Uno, dos... ovarios cuentos», 20.00etatik aurrera ikusi ahal izango da eta honetan umore lizuna izango da nagusi.
Ekaineko datozen ostiraletan Iñigo Magoa, Loco Brusca talde argentinarra eta Tian Gombau-ren «Mono Sapiens» lanak izango dira ikusgai. Gaurtik aurrera, hortaz, umorez betetako hitzordua izango dute ostiralero Zigoitiako bizilagunek.