Kaldeartek Gasteizko erdigunea hiru egunez antzerki ekintzen babesleku bilakatuko du
GARA | GASTEIZ
Gaur hasi eta igandera arte, Gasteizko erdiguneak goitik behera aldatuko du egunerokoan erakusten duen irudia antzerki adierazpen desberdin askori behar bezalako lekua eskaini ahal izateko. Kaldearte jaialdia da itxuraldatze honen errudun. Kale antzerkiko jaialdi honi hasiera emateko, gaur gauean Ad-Lib Creations taldearen «Fuego y Luz» aire antzezpena ikusi ahal izango da Andra Mari Zuriaren enparantzan. Bihartik aurrera, hitzorduak erdiguneko kale eta enparantzetan barrena zabalduko dira, 30 talderen artean 50 antzezlan baino gehiago eskainiz, lan batzuk behin baino gehiagotan ikusteko aukera emanez.
Trapu Zaharra, Zirko Oreka, eta Organik talde euskaldunek parte hartuko dute. Bertako ordezkarien artean, Bapatean taldearen «Rodomundoren bidaia» jarriko dute ikusgai igandean 12.00etan eta NAIk aurkeztuko duen «Realidad Virtual» 18.30ean. Kanpoko taldeek osatuko dute ikusi ahal izango diren antzezpenen zerrenda. Beste jaialdi askotan bezala, Kataluniako ordezkari asko izango dira: Los 2Play, Circ Panic, Zahir Circo, Oir tus Ojos, Studio Funky the Group, Manolo Carambolas edota Passabarret. Haien alboan, bestalde, Argentina, Ameriketako Estatu Batuak, Inglaterra eta Frantziako taldeak ere egongo dira.
Zaila izango da asteburu honetan Gasteizen barrena antzerkiarekin topo egin gabe ibiltzea, Berria, Andra Mari Zuriarena, Foruena, Aihotzplaza eta Arka plaza eta Florida pasalekua kale-artistez beteta egongo baitira.